Zientzia Kalean erakusketa maiatzaren 12ra arte bisitatu daiteke Abaltzisketan, Goibegiko begiralekuan. Hamaika infografiaz osatutako esposizioa da, euskaraz egina.
Herri ezberdinetan egon den erakusketa ibiltaria osatzen duten infografietan egunero inguruan ditugun, erabiltzen edo kontsumitzen ditugun produktuen azalpen zientifikoa eskaintzen da. Adibidez, mugikorren, barra kodeen, txertoen, iturriko uraren eta sukaldeko plaken funtzionamendua erakusten da.
Horretaz gain, jogurten, garagardoaren, zuhaitzen hostoen, ogi barren edo fruituen konposizioaren inguruko azalpenak ere ezagutzeko aukera izango du bisitariak.
Erakusketara hurbiltzen direnek, irudiak ikusteaz gain, infografiak deskargatzeko aukera izango dute QR kode baten bidez. Erakusketa osatzen duten irudiak esteka honetan ikus daitezke.
Zientzia Kalean Euskal Herriko Unibertsitatearen Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren egitasmoa da. Azken hilabeteetan herri ezberdinetan jarri da erakusketa eta, besteak beste, Beasainen, Ordizian eta Lazkaon egon ondoren, Katedraren eta Abaltzisteko Udalaren eskutik heldu da Abaltzisketara.