EHUko Kultura Zientifikoko Katedra

EHUko Kultura Zientifikoko Katedra unibertsitate-hedapenerako katedra bat da. Unibertsitatearen berezko unitate akademiko bat den arren, badu nolabaiteko autonomia antolatzeko eta funtzionatzeko. Ikuspuntu akademikotik, gaur egun, EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze Errektoreordetzaren menpe dago. Bestalde, Euskampus Fundazioaren Kultura Zientifiko eta Berrikuntzarako Unitatearen (UCCi) organigraman integratuta dago Katedra; hau da, fundazio horren ardurapean dago funtzionamendu administratibo eta ekonomikoari dagokionez. Beraz, mendekotasun bikoitza du.

Katedra 2010eko urrian sortu zen, Bizkaiko Foru Aldundiarekin (Kultura Saila) sinaturiko lankidetza-hitzarmen baten bidez. Hitzarmen horrek funtzionamendurako behar ziren funtsak eman zituen. Lankidetza hori 2021. urtearen bukaeran amaitu zen, eta, harrezkero, Eusko Jaurlaritza izan da —lehen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila eta gaur egun Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailaren bidez— Katedraren jarduna ahalbidetzen duen erakundea.

Gainerako unibertsitate-katedrak bezala, nortasun juridikorik gabeko egiturei eta erakundeen oinarrizko funtzionamenduaren inguruko araudiaren bitartez antolatzen da. Araudi hori 2012ko maiatzaren 16an onartu zuen EHUko Gobernu Kontseiluak, bere Estatutuen VII. kapituluarekin bat etorriz.

Kultura zientifikoa sustatzea eta gizarteratzea

Katedraren helburua euskal gizartean ezagutza zientifikoa eta teknologikoa sustatzea da eta kultura zientifikoaren zabalkunde soziala bultzatzea, eskura dituen eremu guztietan: geografikoak, administratiboak eta kulturalak.

Hori dela eta, Katedrak konpromiso sendoa du euskal ingurune sozial eta kulturalarekin eta, aldi berean, unibertsitate-erakunde bati dagokion nazioarteko bokazioa du. Testuinguru horretan, Katedrak dibulgazio zientifikoa euskaraz sustatzen du eta Euskal Herrian egindako edo sortutako ezagutza zientifiko eta teknologikoa nazioartean zabaltzen laguntzen du.

Katedrak aurrerapen zientifiko eta teknologiko nagusiekin eta horien aplikazioekin zerikusia duten edukiak zabaltzen ditu, eta baita zientziari buruzko oinarrizko gaiak eta gizartean eta kulturan dituzten inplikazioei buruzkoak ere. Gainera, arreta berezia eskaintzen die zientziaren ikuspegi kulturalari eta bere berezko balioei. Horretarako, argitalpen propioak jarri zituen martxan EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak.

Jarduera digital eta presentzial zabala

Sortutako lehen argitalpena Cuaderno de Cultura Científica izan zen, 2011n. Zorroztasunez, baina modu atseginean, orotariko gaiak lantzen dituzten dibulgazio zientifikoko lanak argitaratzen ditu, egunero, gaztelaniaz.

Hurrengo urtean, 2012an, Mapping Ignorance jarri zen martxan, zientzian eta teknologian izandako azken aurrerapenak ingelesez zabaltzen dituen gunea. Hainbat arlotako adituek goi-mailako dibulgazio-artikuluak idazten dituzte, azken ikerketen emaitzak ezagutzera emanez.

2013an Zientzia kaiera bloga sortu zen, euskaraz era guztietako gaiei buruzko dibulgazio zientifikoko lanak argitaratzen dituena. Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta unibertsitate mailako ikasleei zuzenduta dago, bereziki.

Mujeres con Ciencia izan zen sortutako azken argitalpena, 2014an. Emakumeek zientziaren historian izandako papera eta gaur egun dutena ematen du ezagutzera. Biografiak, elkarrizketak, ekitaldiak, efemerideak eta era guztietako kronikak edo gertaera nabarmenak argitaratzen ditu egunero, gaztelaniaz.

Baliabide digitalen hedapena, hein handi batean, sare sozialetan garatutako jarduerari zor zaio. Hala ere, Katedraren jarduera ez da ingurune digitalera mugatzen. Hor egunero egindako lanetik aparte, hitzaldiak, gazteei zuzendutako ekintzak, erakusketak, ikus-entzunezko egitasmoak, gaika egindako proiektuak eta formakuntzakoak antolatzen eta lantzen dira, beste dibulgazio ekimen askoren artean.

Kultura zientifikoaren garrantzia

Kultura zientifikoa gizartean hedatzea funtsezkoa da, duen balio kulturalagatik eta erabaki indibidualak zein kolektikoak hartzeko irizpide iturri ere badelako.

Nekez egon daiteke ezagutzen ez den zerbaiten alde. Zientzia eta teknologia hurbilago sentituko dituzten herritarrak sustatzeak gizarte kritikoagoa, informatuagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzen laguntzen du.

2010ean sortu zenetik, Katedrak bere jarduera presentzial eta digital zabalaren bidez, etengabe erakutsi du kultura zientifikoa funtsezko zutabe dela gizarte demokratikoagoa, kritikoagoa eta informatuagoa sortzeko.

15 urte kultura zientifikoa sustatzen eta ikusgarri egiten

2025ean, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak 15 urte bete zituen espazio publikoan kultura zientifikoa sustatzen eta ikusarazten. Urteurrenaren ospakizuna Bizkaia Aretoa-EHUn egin zen, urte hauetan zehar bere dibulgazio-jardueraren parte handi bat hartu duen gunean. Ekitaldiak, Katedraren ibilbidean ezinbesteko bidelagun izan diren erakundeetako ordezkariak eta kolaboratzaileak bildu zituen, eta egindako bidearen balantzea egiteko nahiz etorkizuneko erronkei eta aukerei buruz hausnartzeko balio izan zuen.

Urteotan, zientzia-dibulgazioko jarduera handia garatu du Katedrak, hitzaldiak, tailerrak eta erakusketak antolatuz, hedabide digitaletan egunero argitaratuz, ikus-entzunezko proiektuak ekoiztuz, eta prestakuntza-ekimenetan zein askotariko publikoei zuzendutako beste ekintza batzuetan parte hartuz.

Katedraren ibilbidea erakundeen, eragile laguntzaileen eta urte hauetan guztietan bere dibulgazio zientifikoko jarduerak eta proiektuak bultzatzen lagundu duten kolaboratzaile ugariren babesari esker izan da posible. Haien konpromisoa, konfiantza eta eskuzabaltasuna funtsezkoak izan dira hamabost urte hauetako jarduera ahalbidetzeko.

Kultura zientifikoa inklusiboagoa izan dadin

Etapa berri honetan, Katedraren helburu nagusietako bat bere jardueraren irismena handitzea eta kultura zientifikoa oraindik iritsi ez den pertsona, kolektibo, espazio eta publikoengana hurbiltzea da. Horretarako, dagoeneko ondo finkatuta dauden ekimenak eta proiektuak mantentzeaz eta indartzeaz gain, gizarte, kultura, tokiko eta teknologia eragile ezberdinekin lankidetza modu berriak lantzen ari da, zientziaren gizarte-zabalkunde eskuragarriagoa, hurbilagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko elkarrekin.

Horren adibide dira BRTA aliantza teknologikoarekin, Eroski Fundazioarekin, Irakurketa Erraza Euskadi elkartearekin, Euskal Wikiliaren Kultur Elkartearekin (EWKE), TOKIKOM euskarazko tokiko komunikabideen sarearekin edo EITB eta RTVE irrati-telebistako korporazio publikoekin adostutako lankidetza berriak. Erakunde edo elkarte horiekin batera, Katedrak publiko desberdinei egokitutako dibulgazio zientifikoko edukiak garatzen ditu.