Izaskun Aseguinolaza arkitektoak osasunaren eta hirigintzaren arteko lotura historikoa erakutsiko du Bidebarrieta Zientifikoan

Osasuna beti egon da lotuta hirien garapenarekin. Izan ere, jada hiri zaharrenak diseinatu eta eraiki zirenean higieneari buruzko ezagutzak aplikatzen ziren. Kezka horren isla dira, adibidez, erromatar hirietan dauden akueduktu eta bainu publikoak.

 

Hala ere, industria-iraultzaren ondorioz —eta jende pilaketa desordenatuak eragindako osasun-krisi larrien ondorioz— nabarmenagoa egin zen harreman hori. Orduan sortu zen hirigintza, hiri-ingurunea planifikatzera eta hobetzera bideratutako diziplina gisa.

 

Osasuna, hiria eta hirigintzaren arteko loturaz hitz egiteko, EHUko Arkitektura Saileko Izaskun Aseguinolaza irakasleak “Osasuna, hiria eta hirigintza” hitzaldia eskainiko du datorren ekainaren 11an, asteazkena, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Hitzaldia euskaraz izango da eta aldi bereko itzulpena egongo da gazteleraz.

 

Hitzaldian zehar osasunaren eta hiriaren arteko lotura historikoa plazaratuko da. Horrez gain, gaur egun harreman hori nola adierazten den aztertuko da, eta modu eraginkorrean lantzeko aukera ematen duten hiri-plangintzako tresna batzuk aurkeztuko dira jendaurrean.

 

Hitzaldi-solasaldi hau EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak antolatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren saioa da. Hitzaldia aurrez aurre, eta streaming  bidez ere ikusi ahalko da KulturguneaTB kanalean. Aretoko sarrera doakoa eta librea izango da lekuak bete arte.