Ikasgelatik eszenatokira: zortzi ikasle lehiatu dira Bilbon Ciencia Show 2025 zientzia-bakarrizketen finalean

Bilboko EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditorioak Euskal Herriko Ciencia Show 2025 lehiaketaren final handia hartu du gaur goizean. Zientzia, umorea eta arte eszenikoak batzen dituen egitasmoa da eta DBH eta Batxilergoko ikasleen zientzia-bakarrizketen lehiaketa da. 135 ikasle inguru bildu ditu ekitaldiak, eta Big Van Ciencia taldeko Oriol Marimon kimikariak dinamizatu du. Ciencia Show EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Big Van Cienciaren egitasmoa da.

 

Epaimahai espezializatu batek, aurkeztutako proposamen guztien artean zortzi bakarrizketa finalista ebatzi ditu aldez aurretik, eta horiek zuzenean aurkeztu dituzte gaur beraien monologoak galan zehar. Epaimahaiak monologoen eduki zientifikoa eta teknologikoari arreta jarri diote, baina baita hizlariek ikusleak erakartzeko izan duten gaitasunaga eta beren presentzia eszenikoan ere.

 

Finalistak hauek izan dira:

 

  1. Alaitz Bilbao (Osotu, Güeñes Ikastetxea – Bizkaia) – Sí, ¡el moreno también es un color! (Bai, beltzaran egotea ere kolorea da!)
  2. Xavier Sierra (Egibide, Jesus Obrero campusa, Vitoria-Gasteiz – Araba) – Extraterrestres (Estralurtarrak)
  3. Maite Justicia (Julio Caro Baroja BHI, Getxo – Bizkaia) – La física cuántica y la vida amorosa (Fisika kuantikoa eta maitasun-bizitza)
  4. Nahia Alvarez (Egibide, Jesus Obrero campusa, Vitoria-Gasteiz – Araba – Isaac Newton
  5. Oscar Alonso (San Adrian Institutua, Bilbo – Bizkaia) – Punto Azul (Puntu urdina)
  6. Ayman Ali Labdou (Gabriel Aresti BHI, Bilbo – Bizkaia) – La gravedad (Grabitatea)
  7. Anselmo Ezequiel Medrano (Julio Caro Baroja BHI, Getxo – Bizkaia) – ¿Cómo funciona el cerebro adolescente? (Nola funtzionatzen du nerabeen garunak?)
  8. Maider Diaz (Egibide, Jesus Obrero campusa, Vitoria-Gasteiz – Araba) – Las células y los itinerarios de 4º de la ESO (Zelulak eta DBH 4.ko ibilbideak)

 

Oso final estua izan ondoren, epaimahaiak –Oskar Gonzalez kimikariak eta Marije Irabien eta Maria Cruz Zuluaga geologoek osaturikoak- bi sari banatu ditu: bata, Ciencia Show 2025eko bakarrizketa onenari, eta bestea, bakarrizketa dibertigarrienari.

 

Bakarrizketa onenaren saria Getxoko (Bizkaia) Julio Caro Baroja BHIko Anselmo Ezequiel Medranok jaso du, “Nola funtzionatzen du nerabeen garunak?” monologoagatik. Bestalde, bakarrizketarik dibertigarrienaren saria Gasteizko (Araba) Egibide, Jesus Obrero campuseko Nahia Alvarezi eman diote, “Isaac Newton” monologoagatik.

 

Iker Badiola EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak banatu ditu sariak: Legoren kit robotiko bat, edizio honetako bakarrizketarik onenarentzat, eta bluetooth entzungailuak, dibertigarrienarentzat.

 

Euskal Herriko Ciencia Show 2025eko lehen faseak 1.400 ikasle baino gehiago bildu zituen Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin zituen hasierako ikuskizunetan, eta, horrez gain, hezkuntza programa espezializatuta eskaini zien 35 irakasleri. Prestakuntza eta sormen prozesuaren ondoren, EAEko bost ikastetxek egindako 21 bakarrizketa zientifiko jaso ziren, eta horietatik zortzi aukeratu ziren final handirako.