Generoa eta zientziaren komunikazioa 2025 jardunaldiak 1 650 pertsona baino gehiago bildu ditu aurten, aurrez aurre zein modu birtualean, genero-ikuspegia duen zientziaren komunikazioan interesa dutenak. Zehazki, 209 pertsona bertaratu dira aurrez aurre, eta 1 450 lagunek baino gehiago streaming bidez jarraitu dituzte hitzaldiak.
Bilboko Iberdrola Dorretxean egin zen jardunaldian genero-alborapen eta adimen artifizialaren arteko harremana aztertu zen, genero-inklusioa zientziaren komunikazioan duen garrantziaz hausnartu zen, eta publikoak zabaltzeko eta komunikazio anitzagoa eta irekiagoa bat gautzateko estrategia berriak proposatu ditu, besteak beste.
Bertan parte hartu dute, esaterako, Esther Paniagua kazetariak (Juan Carlos Erregea Unibertsitatea), zientzian, teknologian eta zibersegurtasunean espezializatua; Clare Wilkinson (UWE Bristol), zientzia-komunikazioko eta parte-hartze publiko arloko ikertzaileak; María Pilar Rodríguez komunikazio esparruko irakasle eta ikertzaileak (Deustuko Unibertsitatea) eta Marta Macho matematikari eta Mujeres con Ciencia blogaren editoreak (UPV/EHU).
Zientzia komunikatzea, gizartearekiko konpromisoa
Rafael Orbegozok, Iberdrolako Presidentetzako aholkulariak, ongietorria egin zien jardunaldiaren hirugarren edizio honetan parte hartu zutenei, eta aukera-berdintasunarekin kopainiak duen konpromisoa nabarmendu zuen. “Gaur egun, emakumeak konpainiako erantzukizun-postuen % 34,5era iristen dira, eta ehuneko horrek goruntz egingo du etorkizun hurbilean. Izan ere, funtsezkoa da talenturik onena aprobetxatzea enpresa eta gizarte gisa hazten jarraitu nahi badugu”, adierazi zuen.
Bestalde, Gotzone Barandikak, UPV/EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak, jardunaldiaren garrantzia nabarmendu zuen, “gure ohiko praktikak aztertzeko, zalantzan jartzeko eta horien inguruan hausnartzeko espazio bat eskaintzen baitigute”. Era berean, azpimarratu zuen “ezagutza gizartean zabaltzeko egiten dugun lan publikorako tresnak eskuratzeko aukera ematen digu, zientzia-komunikazio inklusiboago, justuago eta konprometituagoa egiteko”.
Amaitzeko, Iker Badiolak, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak, nabarmendu zuen: “zientzia kontatzeko modua hobetzeko, eta gure ingurunearen ongizateari eta kalitate demokratikoari modu positiboan laguntzeko, esaten dugunaren inguruko gogoeta egin behar dugu; aztertu nondik esaten dugun, zer esaten dugun eta zer isiltzen dugun, gure narratibak eratzen dituzten mekanismo sotiletan pentsatuz”.
Generoa eta zientziaren komunikazioa jardunaldia Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutzen duen zientzia-dibulgazioko jarduera bat da eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren, Iberdrolaren eta EITBren laguntza du. Hurrengo egunetan, hitzaldi nagusien, mahai-inguruen eta proiektu-aurkezpenen edukiak eskuragarri izango dira EITBko Nahieran.