Adimen artifizialeko (AA) algoritmoetan dauden genero-alborapenak hizkuntza gizarte-aldaketarako tresna gisa edo kazetaritza matxistako praktikak detektatzen dituen behatoki baten lana izango dira, besteak beste, Generoa eta zientziaren komunikazioa jardunaldiaren hirugarren edizioan mahai gainean jarriko diren gaietako batzuk. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako ekitaldi hau genero-ikuspegia duen zientzia-komunikazioko foro nagusia bilakatu da.
Jardunaldia maiatzaren 15ean izango da, Bilboko (Bizkaia) Iberdrola Dorrean, eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren, Iberdrolaren eta EITBren babesa eta laguntza izango du. Programak hitzaldi magistralak, mahai-inguruak eta hitzaldi laburrak eskainiko ditu, Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko dibulgazio eta komunikazio zientifikoaren arloko dozena bat profesional baino gehiagoren eskutik.
Besteak beste, parte hartuko dute Esther Paniagua kazetariak (Rey Juan Carlos Unibertsitatea), zientzian, teknologian eta zibersegurtasunean espezializatua; Clare Wilkinson (University of the West of England), zientzia-komunikazioko eta parte-hartze publiko arloko ikertzaileak; María Pilar Rodríguez komunikazio esparruko irakasle eta ikertzaileak (Deustuko Unibertsitatea) eta Marta Macho matematikari eta Mujeres con Ciencia blogaren editoreak (UPV/EHU).
Genero-ikuspegiarekin komunikatzea
Jardunaldiaren sarrera librea eta doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da. Ekitaldia, adimen artifilizaren eta genero-alborapenen arteko harremana plazaratuko duten hitzaldi magistral eta mahai-inguruekin hasiko da. Lehen zati honetan, gainera, adimen artifizial feminista baterantz aurrera egiteko proposamen batzuk landuko dira.
Atsedenaldiaren ondoren, programak 15 minutuko hitzaldi laburrekin jarraituko du. Hitzaldi horietan, genero-ikuspegidun komunikazioan oinarritutako azterlanak eta proiektu berriak aurkeztuko dira. Besteak beste, honako gai hauek jorratuko dira: hizkuntza aldaketaren eragile gisa; emakume adituen ikusgarritasuna esparru zientifikoko erreferentzia-iturri gisa; emakumeen rolak komunikazio arloan egiten diren ikerketetan edo komunikabideetan praktika matxisten adibideak detektatu eta aztertzen dituen behatoki batek egiten duen lana.
Ekitaldia amaitzeko, komunikazio zientifikoan generoa sartzeak duen garrantzia azpimarratuko duen hitzaldia izango da, eta baita ere publiko zabalago batera iristeko (ohiko zirkuluetatik harago joateko) komunikazio anitzagoa eta irekiagoa lantzeko estrategiak planteatuko duen mahai-inguru bat.
Sarrera librea eta doakoa da, lekuak bete arte, baina izena eman behar da aurretik formulario honen bidez. Bertara joaterik ez duenak zuzenean jarraitu ahal izango du jardunaldia, streaming bidez, EITBko Kosmos kanalaren bidez. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu programa.