Bizkaiako Osasun Mentaleko Sareak eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako Eboluzioa eta neurozientziari buruzko jardunaldiak 3.400 profesional, ikertzaile eta neurozientzien arloan interesa duten pertsona inguru bildu dituzte aurten. Zehazki, 266 pertsonak -156 ostegunean eta 110 ostiralean- jarraitu dituzte jardunaldiak aurrez aurre, eta beste 3.134 inguruk zuzenean ikusi dituzte streaming bidez.
Ostegun arratsaldean eta ostiral goizean zehar Bizkaia Aretoa-UPV/EHUko Mitxelena aretoan egindako ekitaldiaren zazpigarren edizioan, hainbat gai izan dira hizpide: emakumeen ahaztutako rola eboluzioan, mikrobiotaren eta alzheimerraren, autismoaren edo depresioaren arteko harremanak, edo gure sinesmenik irrazional eta barregarrienetako batzuen sustraiak.
2017an egin zen lehen aldiz jardunaldi hauen edizioa, eta ordutik hona erreferentziazko topagune bihurtu dira eboluzioaren ikuspegitik giza jokabidea aztertzeko interesa duten profesional eta herritarrentzat. Psikiatria, biologia eta arkeologia bezalako diziplinetako adituak eta interesa duten pertsonak biltzen ditu.
Pablo Malo eta Eva Garnica dira jardunaldien zuzendariak, eta aurten ere zientzia-esparru estatalean erreferente diren adituen parte-hartzea izan dute: Palmira Saladié (Universitat Rovira i Virgili) eta Marga Sánchez (Granadako Unibertsitatea) arkeologoak; Roberto Colom (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) eta Hector Garcia (Texas A&M University San Antonio) psikologoak; Victoria de Andrés (Malagako Unibertsitatea) biologoa; Antonio Rosas (CSIC) paleoantropologoa; Ignacio López-Goñi (Nafarroako Unibertsitatea) mikrobiologoa eta Javier Jurado (Universidad Pontificia de Comillas) ingeniari eta zibersegurtasunean zein adimen artifizial sortzailean aditua.
Eboluzioa eta neurozientziari buruzko jardunaldiak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak (BOMS) antolatutako ekitaldia da, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren lankidetzarekin.