Txiotesia lehiaketaren 8. edizioa, #txiotesia8, izango da azaroaren 18an, asteazkenean. Euskal ikertzaile gazteen lanak gizarteratzea, ikertzaile gazteen sarea sendotzea eta zientziaren dibulgazioa euskaraz sustatzea dira egitasmoaren helburu nagusiak.
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 2013az geroztik bi urtean behin antolatzen du lehiaketa hau, eta aurten ere EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren laguntza izango du. Lehiaketa egun bakarrean egingo da, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara bitartean.
Parte-hartzaileek Artizarra, Mastodon, Instagram, Bluesky edo LinkedIn sare sozialen bidez zabaldu beharko dute beren ikerketa-lana euskaraz, idatziz edo bideo bidez, #txiotesia8 traola erabiliz. Egitasmoan parte hartzeko, tesia 2023-2026 urte bitartean (biak barne) aurkeztuta izan behar da edo gaur egun tesia egiten aritu.
Bi sari banatuko dira: Idatzizko #txiotesirik onena (400 €) eta Ikus-entzunezko #txiotesirik onena (400 €). Irabazleen berri abenduaren 9an emango da.
Lehiaketaren xehetasunak eta informazio guztia UEUko webgunean daude eskuragarri.

