Xehetasunak
Data eta ordua:
otsailak 21 / 09:00 – 14:00
Hizkuntza: Gaztelania
Streaminga: Bai
Egoitza
Hezkuntza-frogak jardunaldia bueltan da beste urte batez, ebidentzia zientifikotik abiatuta egungo hezkuntza-estrategien eraginkortasuna berrikusteko. Mintegiaren zazpigarren edizioan aztertuko diren gaietako batzuk honako hauek izango dira: ahozko hizkuntzaren garapena haurtzaroan, gai berari buruzko errealitate desberdinak sortzeko duen ahalmena, eta ingurune kultura-aniztunetako ikaskuntzaren aberastasuna.
Ekitaldia Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedra eta Bilboko Hezkuntza Fakultatearen arteko lankidetzari esker burutuko da otsailaren 21ean, goizeko 9:15ean hasita eguerdiko 13:40ak arte. Jardunaldia UPV/EHUko Hezkuntza Fakultateko (Leioa) Juliana Agirrezabala aretoan izango da. Hitzaldiak Euskal Herriko eta Espainiako aditu ugarik emango dituzte; batez ere, hezkuntza, heziketa eta irakaskuntza arloko jakitunak izango dira hizlariak.
Mintegiaren zazpigarren edizioa hezkuntza arloko profesionalei eta, etorkizunean, kolektibo horretako kide izango direnei zuzenduta dago. Helburua da gaur egun erabiltzen diren estrategien baliagarritasunari buruzko hausnarketa partekatua ahalbidetzea, ebidentzia zientifikotik abiatuta.
Egitaraua
Jardunaldiak 30-40 minutuko iraupena izango duten bost hitzaldi izango ditu, gaur erabiltzen diren hezkuntza-praktikak ebidentzia zientifikoarekin kontrastatzeko.
Lehenengo, Julián Palazónek, Hezkuntza Zientzietan doktore, psikologo eta pedagogoak, haur hezkuntzan ahozko hizkuntza garatzeko programetan zentratutako hitzaldi batekin emango dio hasiera jardunaldiari. Kontzientzia fonologikoaren garapenarekin, hiztegiarekin eta gaitasun narratiboekin zerikusia duten programak izango ditu hizpide. Jarduera horiek babesten dituzten ebidentzia zientifikoez baliatuko da, funtsezkoak baitira irakurketa ikasteko eta irakurmena garatzeko.
Lorena Pérezek hartuko dio lekukoa, Errioxako Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Kognitiboko katedradunak, gai berari buruzko errealitate anitzak sortzeko hizkuntzak duen boterea erakusteko. Hitzaldian Espainiako hezkuntzaren ikuspegi ezberdinetako adibideak plazaratuko ditu, esaterako, egungo diskurtsoa zein den adieraziko du eta iritzi eta politika publikoetan duen eragina.
Eskola-liburutegia da gure ondare literarioaren gotorleku nagusia. Jardunaldiko hirugarrena Gemma Lluc izango da. Lluc, Valentziako Unibertsitatean Literaturako katedraduna da eta eskola-liburutegien garrantzia erakutsiko du, bertan nor garen eta, aldi berean, gure sustraiak ulertzen laguntzen diguten lanez gozatzeko aukera baitago.
Ondoren, Andrea Khalfaouik, Deustuko Unibertsitatean Hezkuntzan doktoratutako irakasleak, azalduko du nola kultura-aniztasunean oinarritutako kalitatezko haur hezkuntza gai den gizartean ematen diren desparekotasun sakonenak gainditzeko.
Eguneko azken hitzaldia Marta Ferrerok emango du, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ikerketa eta Transferentziako dekanordeak. Saio horretan, ikaskuntza esanguratsuagoa eta iraunkorragoa lortzeko estrategiarik eraginkorrenetako batzuen inguruan hausnartuko du, baita horien erabilera ikasleen artean nola hedatu den ere. Hizlari gisa parte hartzeaz gain, Ferrero Hezkuntza-frogak jardunaldiaren zuzendari zientifikoa da ere.
Ezaugarriak
Sarrera librea izango da lekuak bete arte, baina beharrezkoa da inskripzioa. Horretarako kzk.ehu@gmail.com helbidera mezu bat bidali behar da, izen-abizenak eta lan tokia edo zeregina adierazita. Bertara joaterik ez dutenek streaming bidez jarraitu ahal izango dute jardunaldia https://ehutb.ehu.eus/canal1 helbidean.
Hizlariak
Julián Palazón Hezkuntza Zientzietan doktorea, psikologoa, pedagogoa eta irakaslea da Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean (VIU). Era berean, Ikaskuntza Zailtasun Espezifikoetan Esku Hartzeko Taldean (INDEA) laguntzen du. Talde horretan, irakurketa, idazketa, hizkuntza eta hizketa hobetzeko hezkuntza-programak diseinatu, aplikatu eta ebaluatzen ditu.
Lorena Pérez Hizkuntzalaritza Kognitiboko katedraduna da Errioxako Unibertsitatean, eta GRISSU ikerketa-taldeko kidea (Semantika, Sintaxia eta Hizkuntzaren Erabilerari buruzko Errioxako Ikerketa Taldea) eta Campus Iberuseko ICON-Cognción en Acción ekintza-taldeko kidea ere bada. Hizkuntza ikertzen du, komunikatzeko eta munduaz hitz egiteko ez ezik, ulertzeko eta elkar ulertzeko ere balio digun tresna gisa.
Gemma Luch Literaturako katedraduna da Valentziako Unibertsitatean (UV), eta irakaslea Filologia katalaneko Sailean. 30 urteko ibilbidea egin du ikerketaren esparruan ikertzen eta ezagutza transferitzen. Kanon ez-akademikoa, politikak eta irakurketaren eta liburutegiaren sustapena ditu ikergai.
Andrea Khalfaoui Hezkuntzan doktoratu zen Deustuko Unibertsitatean eta gaur egun irakaslea eta ikertzailea da Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Zientzien Sailean. Bere ikerketa-ildoa ikasle zaurgarrien arrakasta akademiko eta sozialaren sustapenean oinarritzen da, batez ere ijito etniakoena eta ikasle migratzaileena.
Marta Ferrero Madrilgo Unibertsitate Autonomoko (UAM) Irakasleen Prestakuntza eta Hezkuntza Fakultateko Ikerketa eta Transferentzia dekanordea da. Bere ikerketa-ildo nagusiak hauek dira: ideia okerrak identifikatzea eta murriztea ikasten ari diren edo lanean ari diren irakasleen artean, eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuei aplikatutako psikologia kognitiboa.