© Pedro García Lario. Lagatako irudia.
Pedro García Lario astronomoak 30 urte inguru daramatza Europako Espazio Agentzian (ESA), eta espazio-misio eta programa askotan hartu du parte. Joan den maiatzaren 11n, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, ESAk eta EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak antolatutako “Eguzki-eklipse osoa: behaketa, esplorazioa eta zientzia” jardunaldian hartu zuen parte.
Elkarrizketa honetan, datorren abuztuaren 12an izango den eguzki-eklipse osoaren garrantzi zientifikoa eta dibulgatiboa aztertzen du, 120 urteren ondoren Euskadin ikusi ahal izango den aparteko gertaera astronomikoa. Fenomeno hori babes egokirik gabe behatzeak dituen arriskuez ere ohartarazi du García Lariok.
1.- Lehenik eta behin, abuztuko eguzki-eklipse osoa zergatik izango da hain berezia? Nola bizi ahal izango da Euskadin?
Eguzki-eklipse oso bat planetaren leku zehatz batean ikustea ez da askotan gertatzen den zerbait; batez beste, ehun urtetik behin gertatzen da, gutxi gorabehera. Abuztuaren 12ko eklipsearen kasuan, 1905eko abuztuaren 30ean gertatu zen hartatik hurrengoa izango da gurean. Orain dela 120 urte, alajaina.
Gainera, abuztuaren 12koa are ezohikoagoa den fenomeno baten parte da: jarraian etorriko diren hiru eklipse (2026an, 2027an eta 2028an), iberiar Penintsularen puntu ezberdinetan ikusiko direnak. Mendeak pasatuko dira horrelako zerbait errepikatu arte.
Euskadiren kasuan, osotasun eremuaren ertzean gaude, Eguzkiaren ilunaldia osoa izango den zerrendaren ertzean, alegia. Eguzki-eklipse osoaren eta partzialaren arteko muga Bilboaldearen ingurutik pasatuko da eta, horren ondorioz, kokaleku aldaketa txikiek ikaragarri aldatuko dute eklipsearen esperientzia.
Adibidez, Guggenheimen inguruan osotasunak 30 segundu iraungo ditu, baina Gasteizen edo Errioxan minutua gaindituko du. Aldiz, kostaldeko puntu batzuetan, Sopelan esate baterako, ez da % 100ekoa izango. Eta alde txiki hori izugarria da, Eguzkiaren % 99a ezkutatuta geratu arren efektu sentsoriala ez baita erabateko osotasunean sentitzen den berdina izango.
2.- Eguraldiak laguntzen badu, zer ikusi ahal izango dugu eklipseak irauten duen bitartean?
Batez ere bi arrazoiengatik izango da berezia abuztuaren 12ko eklipsea: ezohikoa delako eta arratsaldean gertatuko delako, Eguzkia oso behean dagoela ortzi-mugan. Bilbon, esate baterako, 8 gradu eskasera egongo da. Alegia, behaketa-lekua oso ondo aukeratu beharko dugula, eklipsea ezkutatu dezaketen mendiak, eraikinak edo zuhaitzak saihestuz. Onena, mendebaldera begira dagoen toki altu eta oztoporik gabeko bat bilatzea izango da.
Fase partziala 19:15 – 19:30 aldera hasiko da eta hiru orduz luzatuko da. Betaurreko homologatu egokiekin, Ilargiak Eguzkiaren diskoa pixkanaka nola ezkutatzen duen ikusi ahal izango dugu, poliki-poliki jaten ariko balitz bezala. Osotasuna baina pixka bat lehenago, “diamantezko eraztuna” deiturikoa agertuko da, azken eguzki-izpiek ertz batean bristada distiratsu bat sortzen dutenean. Ondoren, “Bailyko perlak” bezala ezagutzen den fenomenoa ikusiko da, Ilargiaren mendiak eta kraterrak zeharkatzen dituzten argi-puntu txikiak.
Jarraian, osotasuna iritsiko da, eklipsea babesik gabe ikus daitekeen une bakarra. Segundu horietan, Eguzkiaren koroa ikusi ahal izango dugu, normalean ikustezina den plasmaz osatutako egitura, eta baita fotosferaren kanpoko aldeko eiekzioen parte diren protuberantzia txiki batzuk ere. Zure kokapenaren arabera, fase honek 30 segundu edo minutu bat eta 50 segundu iraun ditzake erabateko osotasunaren zerrendan.
Gero, prozesua alderantziz errepikatuko da: berriro agertuko dira Bailyko perlak, diamantezko eraztuna eta azken fase partziala hasiko da. Fase honetan ezinbestekoa da berriro bista babestea.
3.- Behaketa-metodo seguruak erabiltzearen garrantzia da gehien azpimarratzen den mezuetako bat. Zer izan behar dugu kontuan eklipseaz arriskurik gabe gozatzeko?
Eguzkiari ez diogu inoiz zuzenean begiratu behar. Hauxe da herritarrei helarazi behar zaien mezurik garrantzitsuena. Oraindik ere pertsona batzuek uste dute eguzkitako betaurreko normalek, erradiografia batek edo film negatiboek balio dutela eklipse batean babesteko, baina metodo horietako bat bera ere ez da segurua.
Eguzkia babes egokirik gabe behatzeko arriskuak larriak dira eta erretinan kalte itzulezinak eragin ditzake. Izan ere, duela gutxi Estatu Batuetan edo Mexikon izandako eklipseen ondoren, tokiko Interneteko bilaketetan gehien kontsultatutako terminoa “begietako mina” izan zen, eta kontsulta oftalmologikoak nabarmen ugaritu ziren ondorengo egunetan.
Eklipsea behatzeko, ISO 12312-2 araudia betetzen duten eklipseetarako betaurreko homologatuak soilik erabili behar dira. 30.000 aldiz baino gehiagoko faktorean murrizten dute eguzki-argiaren intentsitatea betaurreko horiek. Hala ere, ez da gomendatzen denbora luzez modu jarraituan erabiltzea.
Prismatikoekin eta teleskopioekin behatuz gero, kontu handiz ibili behar da. Ez dira inoiz erabili behar eguzki-iragazki espezifikorik gabe, lupa efektuak erredura itzulezinak eragin baititzake erretinan segundo gutxitan.
Beste kontu garrantzitsu bat da haurrak pertsona helduek ikuskatu behar dituztela beti eklipse bat behatzean. Eta, iragazkiak dituzten tresna optikoak erabiltzen badira, homologazio egokia erabiltzeaz gain, fenomenoa behatzen ari garen bitartean ustekabeko manipulazioak saihestu behar dira.
4.- Norbaitek ez badu betaurreko homologaturik lortzen, zer beste aukera daude ikusmena kaltetu gabe behatzeko?
Norbaitek betaurreko egokirik ez badu, eklipsea modu seguruan eta zeharka behatzeko etxeko hainbat metodo daude. Errazenetako bat apar-burruntzali bat erabiltzea da. Nahikoa da sukaldeko tresna hori eguzkiaren aurrean jartzea eta argia gainazal zuri batean proiektatzea, folio batean adibidez. Zulo txikiek kamera ilun baten moduan jokatzen dute, eta eklipsatutako eguzkiaren irudi ugari sortzen dituzte.
Kamera ilun bat ere egin dezakegu etxean, kartoizko kaxa itxi batekin. Hondoan xafla zuri bat jartzen da, eta alboetako batean bi irekidura egiten dira. Bat txikia, aluminiozko paperez estalia; handik sartuko da eguzki-argia. Bestea, handiagoa, Eguzkiaren kontrako norabidean begiratzeko. Zuhaitzen hostoek ere antzeko efektua sortzen dute, adarren arteko zulo txikiek itzalak proiektatzen dituztelako lurrean, eguzki eklipsatuaren irudi partzial ugari sortuz.
Nolanahi ere, kontu handiz ibiltzea da gomendioa, eta gogoratu betaurrekoak osotasunaren unean bakarrik kendu daitezkeela. Bestalde, komenigarria da betaurreko homologatu horiek eklipsearen aurretik probatzea, ondo erabiliko ditugula bermatzeko: lurrerantz begira gaudela jarri behar dira eta jarrita ditugunean bakarrik begiratu ahal izango dugu Eguzkirantz.
5.- Eklipse-Hirukotearen Zientzia eta Aholkularitza Batzordeko kidea zara. Nola egiten diozue aurre batzordetik erronka logistiko eta dibulgatibo honi?
Eklipse bakoitza antolaketa-erronka itzela da; kasu honetan, batez ere, logistikaren aldetik. Eklipse osoa ez da Madril edo Bartzelona bezalako hirietan ikusiko eta joan-etorri asko espero dira. Aurretik kudeatu beharko dira trafikoa, larrialdi-zerbitzuak eta uda sasoiari lotutako arriskuak, esate baterako suteen arriskua lekurik lehorrenetan. Logistikaren ikuspegitik, Frantziako Tourreko etapa bat Espainiako leku ezberdinetan, aldi berean eta ordu gutxi batzuetan antolatzea bezalakoa da.
Baina, aldi berean, aukera aparta da zientzia zabaltzeko eta bokazio zientifikoak pizteko, batez ere gazteenen artean. Eguzki-eklipse oso bat bizitzeak inpaktu emozional handia dakar. Santiago Ramón y Cajalek kontatu zuenez, gaztetan eguzki-eklipse bat ikusi ondoren (1860ko uztailaren 18koa) erabaki zuen zientzialari izatea.
Ramon y Cajalentzat inspirazio iturri izateaz gain, eklipseen azterketak berebiziko garrantzia izan du zientziaren historiako aurkikuntza garrantzitsuenetako batzuetan. Beste adibide batzuen artean, 1868an izandako eguzki-eklipse bati esker aurkitu zen helioa, Lurrean modu naturalean existitzen ez den elementu kimikoa eta garaiko espektroskopia hasiberriaren bidez detektatu zena. Orain Eguzkiari buruz ia dena dakigun arren, fenomeno astronomiko horri esker ezagutu ahal izan genuen baita, XIX. mendearen erdialdera, nolakoa zen eguzki-koroa, plasmaz osatutakoa eta milioika graduko tenperaturak dituena.
Urte batzuk geroago, 1919an, Arthur Eddington astronomo britainiarrak eklipse bati esker egiaztatu zuen Albert Einsteinen erlatibitate orokorraren teoria. Esperimentu baten bidez, Eguzkiaren grabitateak gertuko izarren argiaren ibilbidea deformatzen zuela ikusi zuen. Izar horiek Einsteinek aurreikusitako espazio-denbora kurbaduraren efektuak desplazatzen zituen, egon beharko luketen posizio naturalarekiko.
Azken batean, Eklipse-Hirukoteak Iberiar Penintsula agertoki paregabea bihurtuko du, bai zientziaren zein dibulgazioaren ikuspegitik.
6.- Behaketatik haratago, zer nolako ekimenak ari da antolatzen Batzordea eklipsea jendearengana hurbiltzeko?
Eklipse-Hirukotearen Batzordeak, FECYTekin lankidetzan, trioeclipses.es webgunea jarri du martxan. Bertan, herritarrek behaketa seguruari, itzalen mapari eta penintsulako hainbat tokitan egongo diren kusgarritasun-aurreikuspenei buruzko informazio praktikoa kontsulta dezakete.
Era berean, eklipsearekin lotutako hainbat herritar zientzia proiektu ere antolatzen ari dira, hala nola tenperatura eta argitasun-aldaketak neurtzeko esperimentuak edota animaliek osotasunaren unean nola erreakzionatzen duten aztertzeko ekimenak.
Nire kasuan, Guadalajarako herri txiki batetik gozatuko dut eklipsea, Turmieletik. Hor dago gure familiaren etxea duela zenbait belaunaldiz geroztik, eta osotasun-zerrendatik oso gertu dago eta zeru ilun ikusgarriak ditu, argi-kutsadurarik gabeak, Espainia hustuan ohikoa den bezala. Uste dut horrelako esperientziek modu berezian konektatzen gaituztela unibertsoarekin eta, nire kasuan, baita nire haurtzaroa igaro dudan tokiarekin ere.
Gainera, astronomia maite dugunok beste opari bat ere izango dugu: gau horretan bertan, eklipsearen ondoren, pertseiden euriaz gozatu ahal izango dugu, abuztuaren 12ko gauean bere maximora iritsiko baita. Erabateko esperientzia izango da.
7.- Eklipse-Hirukotearekin lotutako dibulgazio-lan horretaz aparte, Esne Bidea kartografiatzeko helburua duen ESAren Gaia misioko ikertzailea ere bazara. Gure galaxian aurkitzeko edo deskubritzeko asko falta zaigu?
Gaia misioa da, seguru asko, Europako Espazio Agentziaren historiako misiorik emankorrena. 2013tik 16.000 artikulu zientifiko inguru eta 165 doktore-tesi baino gehiago sortu ditu, eta bildutako datu guztien zati txiki bat baino ez da argitaratu oraindik.
Misioa Esne Bidea kartografiatzen ari da, inoiz lortu ez den doitasunez, 2.000 milioi izar inguruko posizioa eta mugimendua neurtuz. Horri esker, gaur gure galaxiako “Google Maps” bezalako bat dugu, eta arkeologia galaktiko baten antzeko zerbait egin dezakegu: izarrak denboran zehar nola mugitu diren berreraiki dezakegu, Esne Bidearen iragana ulertzeko.
Esne Bidea historian zehar beste galaxia txikiagoekin izandako talka eta fusioen bidez hazi egin dela egiaztatzea izan da aurkikuntzarik garrantzitsuenetako bat, “kanibalismo galaktiko” gisa deskriba genezakeena. Galaxiaren mugimendu orokorrarekiko kontrako joeran mugitzen ziren izar-korronteak deskubritzea ahalbidetu zuen Gaiak; antzinako talka horiek aurkitzeko pista erabakigarria izan zen. Sistema bitarretan tamaina ertaineko zulo beltzak ere aurkitu ahal izan dira -orain arte ezin zirenak antzeman- eta gure galaxiako izar aldakorren katalogorik handiena sortu da.
Hala ere, Esne Bidearen zati txiki bat bakarrik ezagutzen dugu. Gaiak neurtutako izarrak galaxia osoaren % 2 besterik ez dira, gutxi gorabehera; beraz, asko dugu oraindik deskubritzeko.
Egileari buruz
María Larumbe (@emelarumbe.bsky.social) kazetaria eta komunikazio arduraduna da EHUko Kultura Zientifikoko Katedran.
Itzulpena: Josu Juaristi (@zazpibele.bsky.social) kazetaria eta proiektuen tekniaria da EHUko Kultura Zientifikoko Katedran.

