700 pertsona baino gehiago bildu dira Bilbon abuztuko eguzki-eklipsearen atzean dagoen zientzia ezagutzeko

Argazkiak: Iñigo Sierra | EHUko Kultura Zientifikoko Katedra.

 

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, Europako Espazio Agentziak (ESA) eta EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak “Eguzki-eklipse osoa. Behaketa, esplorazioa eta zientzia” jardunaldia antolatu zuten herenegun Bilboko Bizkaia Aretoa-EHUn, abuztuan izango den eguzki-eklipsearen atzean dagoen zientzia ezagutzeko eta behaketa modu seguruan egiteak duen garrantzia zabaltzeko. Ekimenak astrofisika herritarrengana modu atsegin eta zorrotzean hurbiltzea zuen helburu, eta 732 pertsona inguru bildu zituen antolatutako jardueretan, aurrez aurre zein online.

 

Jardunaldiak jarduera-programa zabala eskaini zuen: bost tailer -lau, goizez, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat eta beste bat arratsaldez, publiko orokorrarentzako- eta hiru astrofisikarik emandako hitzaldi laburrak eta ondorengo solasaldia. Jarduera guztietan eklipsea modu seguruan behatzea bermatzen duten homologatutako betaurrekoak banatu ziren parte-hartzaileen artean.

 

Eklipsearen inguruko tailerrak eta hitzaldiak

 

Goizean, Bigarren Hezkuntzako 300 ikaslek lau tailer teoriko-praktikotan hartu zuten parte, eguzki-eklipseen atzean dagoen zientzia bertatik bertara ezagutzeko. Euskaraz eta gaztelaniaz eskainitako saio hauetan, ikasleek eklipseak nola gertatzen diren eta zergatik ez diren hain ohikoak ikasi zuten, baita kamera ilun bat egiten ere, fenomeno hau segurtasunez behatu ahal izateko. Zerua oskarbi egon zenez, Bizkaia Aretoa-EHUko terrazatik eguzki-behaketak egin ahal izan zituzten, EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileen laguntzarekin.

 

Goizean, ikasleek eguzki-behaketak egin ahal izan zituzten.

 

Gainera, ikasleek areto batean instalatutako 360º-ko planetario digitalean kosmosaren eta eklipseen hainbat alderdi deskubritzeko aukera ere izan zuten. Arratsaldean, planetario digitala publiko orokorrarentzat ireki zen eta beste 60 lagun pasa ziren bertatik.

 

Jardunaldiak 15 minutuko hiru hitzaldi laburrekin jarraitu zuen. Pedro García-Lario (ESA), Teresa del Río (EHU) eta Peio Iñurrigarro (EHU) astrofisikariek eman zituzten hitzaldiak, eta Iker Badiola -EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak- eta Naiara Barrado – EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzailea- aritu ziren aurkezle lanetan.

 

Ezkerretik eskubidera: Naiara Barrado, Pedro García-Lario, Teresa del Río eta Peio Iñurrigarro, solasaldian.

 

Hitzaldietan zehar, besteak beste, eklipsearen behaketa modu seguruan eta ikusmena kaltetu gabe egiteko hainbat gako azaldu ziren; eguzki-atmosferari buruzko xehetasunak ere eman zituzten –eklipsearen osotasunaren unean eguzkiaren atmosfera ikusteko aukera egongo da-, eta baita honekin lotutako beste fenomeno astronomiko batzuk ere, hala nola planeten iragateak.

 

Hitzaldiak amaitu ostean, hizlarien eta publikoaren arteko solasaldia ireki zen. Guztira, 175 pertsona hurbildu ziren Mitxelena aretora hitzaldiez gozatzera, eta beste 197k streaming bidez jarraitu zituzten zuzenean. Hitzaldiak eta ondorengo solasaldia EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren YouTube kanalean ikus daitezke.