EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak jarduera biziko urtea ixten du, bere 15. urteurrenari amaiera bikaina emanez

Argazkiak: Iñigo Sierra | EHUko Kultura Zientifikoko Katedra.

 

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak urteari amaiera eman dio hogeita hamar jarduera baino gehiago antolatuta -hitzaldiekin, tailerrekin, erakusketekin eta bakarrizketa zientifikoekin, besteak beste-, eta horietan 40.522 lagun inguruk hartu dute parte, aurrez aurre zein streamingen bidez. Egitura, gai eta publikoaren aniztasunak barne hartu dituen programazioa izan da, eta, Katedrarentzat bereziki esangurutsua izan den urte honetan, 15. urteurrenaren ospakizunarekin batera, kultura zientifikoaren dibulgazio irisgarriago eta inklusiboago baten aldeko apustua sendotu du.

 

Ikasturteko ekitaldi nagusia, beste behin ere, Bilbo Zientzia Plaza izan da. Jaialdiaren zortzigarren edizioak Bilboko erdigunea zientziaz bete zuen irailean, eta Euskalduna Jauregia, Bidebarrietako Liburutegia eta Bizkaia Aretoa-EHU bezalako espazioak arlo zientifikoko profesionalen eta herritarren arteko topagune bihurtu zituen. Orotara, 26.795 lagunek parte hartu zuten jaialdiko jarduera-programan.

 

Naukas Bilbao 2025 ikuskizuna irailaren 19an eta 20an ospatu zen BZPren barruan.

 

Horrez gain, Katedrak beste hainbat jardunaldi tematiko antolatu ditu 2025ean, gaur egungo eztabaida zientifiko eta sozialen muinean dauden gaiak ardatz hartuta. Ekimen horietan gai ugari jorratu dira, besteak beste, zientzia-komunikazio inklusibo bat lortzeko genero-ikuspegiak duen garrantzia edo hezkuntzan ebidentzia zientifikoan oinarritutako praktiken beharrizana.

 

Darwinen Eguna, Hezkuntza-frogak, BCAM Naukas Pi Eguna, Eboluzioa eta neurozientziei buruzko jardunaldiak edota Generoa eta zientziaren komunikazioa jardunaldietan hezkuntza, matematika, neurozientzia eta komunikazio arloko adituak izan dira publikoaren aurrean, hainbat zientzia-gairen inguruan hausnarketa eta eztabaidarako guneak  sortuz.

 

Liburutegiak, zientziaren eta gizartearen arteko lotunea

 

Hitzaldi-solasaldi zikloek berriz ere ardatz nagusi bihurtu dira Katedraren jardunean. Bidebarrieta Zientifikoa, Zientziaren Ertzetik eta Agora, ezagutzaren plaza programak, hurrenez hurren, Bilboko Bidebarrietako Liburutegia, Durangoko Bizenta Mogel Biblioteka eta Iurretako Herri Bibliotekarekin egiten direnak, urte osoan zehar herritarrekin elkartzeko topagunea izan dira.

 

Eliteko kirolaren atzean dagoen zientzia, arkeologia eta mitoen azterketa edo nerabeen eta mugikorraren arteko harremana izan dira ia hogei hitzaldi-solasalditan landutako gaietako batzuk. Saioek harrera ona izan dute gerturatutakoen artean eta hedabideetan izandako oihartzuna ere zabala izan da. Dibulgazio hitzaldi hauek Bizkaiko kultur egutegiaren parte dira jada, eta gure inguruko errealitate zientifiko-teknologikoa herritarrengana hurbiltzen dute.

 

Generoa eta zientziaren komunikazioa 2025 jardunaldiak Adimen Artifiziala hezteko beharrean azpimarratu zuen alborapenik gabeko etorkizun baterako.

 

Aipatutako ekimen guzti hauez gain, aurrez aurreko jarduerak hainbat ekimen osagarrirekin aberastu dira, esaterako, Zientzia Kalean kale erakusketa ibiltaria, edo Fernando G. Baptista. Infografia zientifikoaren esploratzailea erakusketarekin; edota Donostian, Ondarroan eta Azpeitian egindako “Jakinduriek mundue erreko dau” bertsozientzia ikuskizunekin. Proposamen guzti horiek EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak zientzia-komunikazioan erregistro anitzak lantzeko duen gaitasuna agerian utzi dute.

 

Aurrez aurre egindako ekitaldi guzti hauekin batera, azpimarratu behar da Katedraren lau hedabide digitaletan –Zientzia Kaiera, Cuaderno de Cultura Científica, Mujeres con Ciencia eta Mapping Ignorance– urteko 365 egunetan argitalpen erritmoari eutsi zaiola, eta medio bakoitzak egunero dibulgaziozko artikulu bat argitaratu du. Guztira, 2025ean zehar 1.462 artikulu publikatu dira Katedraren blogetan. Aldi berean, Bluesky, TiktTok, Instagram eta Facebook sare sozialetan duen presentzia aktiboa eta jarraitua izan da ere.

 

15 urte kultura zientifikoa ikusgarri egiten

 

Urtea, gainera, Katedraren 15. urteurrenaren ospakizunen testuinguruan kokatu da. Katedra 2010ean sortu zen, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza hitzarmen bati esker. Ordutik, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak ezagutza zientifikoa gizartean elkarbanatzeko etengabeko lana gauzatu du, zorroztasunez, hurbiltasunetik eta hainbat formaturen bidez.

 

Urriaren 17an Bizkaia Aretoa-EHUn egin zen ekitaldi instituzionalak Katedraren ibilbidean zehar bidelagun izan dituen agintari eta lankide esangurutsuak elkartu zituen, egindako bidearen balantzea egiteko eta etorkizunera begirako urratsak  irudikatzeko.

 

Etorkizunari begira, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren helburu nagusietako bat da oraindik iritsi ez den espazio eta audientzietara hurbiltzea. Iker Badiola zuzendariaren hitzetan, “orain arte iritsi ez garen publiko eta lekuetara hurbildu nahi dugu. Helburu hori lortzeko, beste ekimen batzuen artean, gure inguruko eragile sozialekin lankidetza sustatzen jarraituko dugu, eta baita ere, adibidez, haurrentzat formatu erakargarriagoen ekoizpena landu”.