Zientzia Kalean erakusketa ikusgai dago gaurtik Beasainen

Gaurtik hasita eta apirilaren 26ra arte Zientzia Kalean erakusketa bisitatu daiteke Beasainen. Esposizioa Erauskin plazan dago jarrita eta hamaika infografiek osatzen dute.

 

Herri ezberdinetan egon den erakusketa ibiltaria osatzen duten irudietan egunero inguruan ditugun, erabiltzen edo kontsumitzen ditugun produktuen azalpen zientifikoa eskaintzen da. Adibidez, infografien bitartez mugikorren, barra kodeen, txertoen, iturriko uraren eta sukaldeko plaken funtzionamendua azaltzen da.

 

Horretaz gain, jogurten, garagardoaren, zuhaitzen hostoen, ogi barren edo fruituen konposizioaren inguruko azalpenak ere ezagutzeko aukera izango du bisitariak.

 

Erakusketara hurbiltzen direnek, irudiak ikusteaz gain, infografiak deskargatzeko aukera izango dute QR kode baten bitartez.

 

Zientzia Kalean Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren egitasmoa da. Azken hilabeteetan herri ezberdinetan jarri da erakusketa eta, oraingoan, Katedraren eta Lemniskata Goierriko Zientzia Sare Herrikoiaren eskutik heldu da Beasainera.