Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak ekoitzitako eta José Antonio Pérez Ledok zuzendutako Naturaren sekretua dokumentala datorren apirilaren 3an, osteguna, 19:30ean ikusi ahal izango da Iruñeko Nafarroako Filmotekan. Sarrera librea lekuak bete arte.
Ikus-entzunezko lan hau Pedro Miguel Etxenike, Euskal Herriko Unibertsitateko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradunaren eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidentearen bizitza eta lana ezagutzeko aukera da.
55 minutuko iraupena duen dokumentalak zientziaren garrantziaz hitz egiteko ariketa bat da. Izan ere, Etxenikeren hitzetan, zientzia “etorkizun justuago eta gizatiarrago baten itxaropena ematen digun hazi eraldatzailea da. Kulturalki garrantzitsua, ekonomikoki erabakigarria eta estetikoki ederra da”.
Horrela, Etxenikek zientziaren inguruan egindako hausnarketak azaltzen dizkio ikusleari, zientzia zer den eta zertan datzan hausnartuz.
UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria den Iker Badiolak aurkeztuko du dokumentala. Emanaldiaren ondoren, Pedro Miguel Etxenikek elkarrizketa-solasaldia izango du Iciar Astiasaranekin, Nafarroako Unibertsitateko Nutrizio eta Bromatologiako katedraduna eta Jakiundeko kidea (Zientzien, Arteen eta Letren Euskal Akademia).
Nafarroako Filmoteka, Nafarroak Bultzatzen du Kultura, Kirola eta Aisialdia (NICDO), Nafarroako Gobernuak, DIPCk, eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu dute ekitaldia.