Matematika tailerrak eta bakarrizketak izango dira 2024ko BCAM Naukaseko protagonistak

Martxoaren 14an, Matematiken Nazioarteko Egunean, Pi Egunaren bosgarren edizioa egingo da UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Beste urte batez, BCAMek -Basque Center for Applied Mathematics- (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikitako zentroa eta hiru aldiz -2013, 2018 eta 2021ean- Estatuko Ikerketa Agentziaren Severo Ochoa Saria jaso duena) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak matematika oinarri daukaten tailer eta bakarrizketez osatutako egitaraua prestatu dute.
 

Alde batetik, goizean zehar, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat hainbat tailer egingo dira. Bosgarren eta seigarren mailako ikasleek “Egun bat lasterketetan” tailerraren bitartez estatistika eta probabilitatearen inguruko hainbat kontu ikasiko dute. Horretaz gain, “Grafoak, lortu denak” tailerrean parte hartzeko aukera ere izango dute.
 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleek, berriz, eragiketa matematikoak eginez Math Mistery Box escape roometik atera beharko dira, Rubik kuboa ebazteko eta papiroflexia egiten ikasteko aukera izango dute eta Joko Erraldoiak tailerrean pieza handiekin asmamena garatuko dute. Azkenik, DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleek Moebius bandaren funtzionamendua ezagutuko dute eta “Oloidearekin bueltaka” ezaugarri matematikoa den birarekin gauzak nola erraztu daitezkeen ikasiko dute.
 

Beste alde batetik, arratsaldeko 18:30ean hasita, bakarrizketa labur eta dibertigarriekin kontzeptu matematikoen inguruan ikasteko aukera egongo da. Esaterako, Raquel Villacampa Zaragozako Unibertsitateko Matematiketan doktoreak Tamaina garrantzitsua da… edo ez (El tamaño importa… o no) hitzaldian galdera horri planteamendu matematiko batetik erantzungo dio eta Sara Barjas Ikerbasque ikerlariak sinbolo eta letren garrantzia azpimarratuko du Letratakoa naiz (Soy de Letras) bakarrizketan.
 

Arratsaldeko saioan sarrera librea izango da edukiera bete arte. Hala ere, streaming bidez ikusteko aukera ere egongo da EHUtb kanalaren bitartez. Goizeko saioetarako eskolek kzk.ehu@gmail.com helbidera mezua bidalita izena eman beharko dute.
 

Hemen ikus dezakezu BCAM Naukas 2024ko programa osorik.