Iker Merchán Mota: “Datuak kontakizuna akabatzen du. Titular matxisten kasu asko erakusten dituzunean, kontrako joerak ere badaudela dioen diskurtsoa desaktibatzen duzu”

Iker Merchán Mota Euskal Herriko Unibertsitatean doktoratu zen Kazetaritzan eta EHUren Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza Saileko irakaslea da. Maiatzaren 15ean Generoa eta Zientziaren Komunikazioa jardunaldiaren hirugarren edizioan parte hartu zuen, Kazetaritza Matxistaren Behatokia aurkezteko, Bitartez (EHU) ikerketa-taldeak Pikara Magazine aldizkariak eta Comunicadoras 8M kolektiboak bultzatutako ekimena. Behatokiaren helburua informazio-estaldura sexistak identifikatzea eta kazetaritza praktika hobetzeko eta gizartea zabaltzeko alternatiba didaktikoak proposatzea da.

 

Merchán proiektuko zuzendarikidea da, eta elkarrizketa honetan, komunikabideek gizartearen ispilu gisa duten zereginaz, zientzia-komunikazioan dauden joerez eta genero-desberdintasunekin kritikoagoak diren belaunaldi berriak prestatzeko beharraz hausnartzen du.

 

Nola sortu zen Kazetaritza Matxistaren Behatokia?

 

Bi egoerak bat egin zuten. Hezkuntza berrikuntzarako proiektu batean ari ginen lanean. Ikasleak genero-gaietan hobeto nola prestatu jakin nahi genuen, eta beraien joerei buruz zer pertzeptzio zuten. Gehiengoak ez-matxistatzat zuen bere burua, baina ikuspegi sexistak zituzten titularren aurrean jartzean, hutsune asko zituztela ikusi genuen. Izan ere, izenburu matxisten % 40 inguru baino ez zituzten atzematen; gainerakoak, ikusi ere ez zituzten egiten.

 

Aldi berean, eskaera feministak agenda mediatikoan kokatzea lortu zuen 2018ko 8M hartan, Comunicadoras 8M kolektiboak publikoki eskatu zien erakundeei hedabideetan estaldura matxistak ikusarazteko behatoki bat sortzea.

 

Unibertsitatetik proposamen hori berrikusi genuen. Arlo akademikoan askotan jakintzat ematen den ezagutza gizartera iristea nahi genuen. Badira ikasgelan onartuko ez genituzkeen gauzak, ez dituztelako kalitate iragazkiak gainditzen, eta arlo profesionalean oraindik ere gertatzen direnak. Hor aukera garbi bat ikusi genuen: ikerketa, irakaskuntza eta transferentzia soziala uztartzea, eta erronkari aurre egin genion.

 

Zer helburu lortu nahi dituzue Behatokitik?

 

Joera matxisten zenbaterainokoa antzeman nahi ditugu, eta kontzientzia sortu, ez bakarrik kazetaritzan dihardutenen artean, baita gizarte osoan ere. Hedabideak ez dira bereziki matxistak, baina gure kulturan dauden patroiak islatzen dituzte. Hauek aldatzea lortzen badugu, baliteke gizartea aldatzea ere lortzea.

 

Nola funtzionatzen du Behatokiak praktikan?

 

Hainbat bide ditugu kasuak detektatzeko: matxistatzat jotzen dituzten albisteak bidaltzeko postontzi ireki bat, eta horiek detektatzeko bilaketa-tresnak. Albiste bat iristen denean taldean baloratzen dugu eta politika zorrotza aplikatzen dugu: guztien adostasuna dagoenean argitaratzen da. Batek ez badu matxistatzat jotzen, ez da sartzen.

 

Horrek lasaitasuna ematen digu, argitaratzen dugun guztiak adostasun argia duelako. Taldea anitza da. Izan ere, pertsona batzuk hizkuntza inklusiboaren alde gaude, eta beste batzuk, berriz, ez.

 

Zergatik utzi duzue albo batera hizkuntza inklusiboa?

 

Bi arrazoirengatik. Lehenik eta behin, oro har ez dagoelako adostasunik ez ikertaldean ezta komunikazioaren esparruan ere. Bigarrenik, aztertzen ditugun matxismo motak hizkuntzaren “agnostikoak” izatea nahi dugulako. Hainbat hizkuntzatan (gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo mandarinez) zabaltzen diren genero-alborapenak detektatu nahi ditugu. Arazoa ez da hizkuntza bera, hizkuntza erabiltzen dugunok baizik; neurri handiagoan edo txikiagoan, matxistak garelako.

 

Zer matxismo mota identifikatu dituzue?

 

Ohikoenak dira indarkeria matxista hauspotzen edo minimizatzen dutenak, emakumeen balioa irudi maskulinoekin lotzen dutenak eta emakumeak gauza bihurtzen dutenak edo azalekoan gelditzen direnak. Badira beste kontu batzuk ere, hala nola, emakume politikari baten jantziari buruz hitz egitea -hori ez da egiten gizonezkoen kasuan- edo izen-abizenaren erabileraz. Gizonei abizenaren arabera gehiago aipatzen zaie, emakumeei, berriz, izenaren edo izen-abizenaren arabera soilik.

 

Behin titularrak aukeratuta, zer egiten duzue horiekin?

 

Matxismo motaren arabera argitaratzen eta kategorizatzen ditugu, eta azaltzen dugu zergatik diren matxistak, batzuetan ez baita lehen begi-kolpean detektatzen. Beti sartzen dugu proposamen alternatibo bat, hau da, nola idatz zitekeen beste modu batean. Lan didaktiko hori funtsezkoa da, matxismo mota identifikatzeaz gain, hori nola saihestu pentsatzen laguntzen duelako.

 

Batzuetan ez dago titular bat konpontzeko modurik: ezabatu egin behar da. Adibidez, “La dieta de la princesa Leonor para enamorar a Gavi”. Titular faltsua zen, gainera, adingabeko bati buruzkoa, eta ez zen argitaratu behar.

 

Nola erreakzionatzen dute komunikabideek?

 

Ez gara zuzenean haiekin harremanetan jartzen, baina ikusten dugu batzuek Behatokia irakurtzen dutela, zuzenketak egiten dituztelako. Nahiago izan dugu kontaktu hori ez egitea. Beste arrazoiren batengatik hedabideren batekin hitz egin dugunean, asmo txarrik ez zegoela esan digute. Baina kontua ez da asmoa, egiten duguna baizik. Geure burua aztertu eta hezi behar dugu. Kontuan izan behar dugu joera matxistak dituen egitura batean bizi garela, eta horiek minimizatzen saiatu behar dugu.

 

Zeintzuk dira zientzia-komunikazioko esparruan detektatu dituzuen matxismo mota ohikoenak?

 

Emakume ikertzaileak eta gizonezkoak modu desberdinean ezagutzera ematen direla erakusten duten ikerketak daude. Ildo horretan, mundu akademikoarekin eta ikerketarekin lotuta aztertu ditugun titular askotan ikusi dugu gizonezkoak euren lorpenen protagonista gisa agertzen direla; izen-abizenekin, titularretan. Aldiz, emakumezkoen kasuan, lan egiten duten entitateak edo erakundeak dira titularrean agertzen direnak, eta emakume ikertzaileak azpitituluetan baztertuta geratze dira.

 

Badakigu genero-alborapenak ezin direla erabat saihestu, baina horiek ezagutzeko eta murrizteko lan egin behar dugu.

 

Behatokiaren helburuetako bat diskriminazioa gutxitzeko estrategiak sortzea da. Aldaketarik sumatu al duzue martxan jarri ondoren?

 

Prestakuntza da garrantzitsuena. Unibertsitatean ez ezik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Berritzegune nagusiarekin ere lanean ari gara bigarren hezkuntzako ikasleentzat hiru unitate didaktiko garatzeko. Ideia da edozein irakasgaitan erabili ahal izatea, ez bakarrik tutoretzan. Gustatuko litzaiguke euskarazko eta gaztelaniazko klaseetan horri buruz hitz egitea, ez bakarrik M8an edo A25ean, eguneroko elkarrizketan presente egotea.

 

Kasu asko erakusten dituzunean, kontrako joerak ere badirela dioen diskurtsoa desaktibatzen duzu. Datuak kontakizuna akabatzen du. Hori etorkizuna aldatzeko gaitasuna dutenengana -gazteengana, alegia- iristen bada, zerbait garrantzitsua lortuko dugu. Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuarekin liburu bat prestatzen ari gara ere.

 

Gizarte matxista bat izaten jarraitzen dugu?

 

Komunikabideak geure buruari begiratzen diogun ispilua dira. Batzuetan uste dugu jada gainditu ditugula zenbait desberdintasun, baina nahikoa da informazioa emateko moduari erreparatzea ikusteko oraindik ere bidea egiteko dagoela. Kontua ez da soilik komunikabideak aldatzea: hedabideak aldatzen badira, baliteke gizartea bera aldatzea ere.

 

Zein ideia gustatuko litzaizuke jendeak gogoratzea elkarrizketa irakurri ondoren?

 

Alborapenak berezkoak ditugu. Ez da matxista izateko asmorik dugunik, baina ekintzak badira matxistak. Beraz, egoeraz jabetu eta horren arabera jokatu behar da. Batzuetan pentsatzen dugu “ni ez naiz matxista, beraz ezin dut gauza matxistarik egin”. Baina horrek ez du horrela funtzionatzen. Ni ere batzuetan halakoa naiz, ezin dut saihestu. Lortzen badugu norbaitek komunikazio pautaren bat birplanteatzea, izugarrizko arrakasta izango dugu.

 

Iker Merchán Mota (@ikermerchan.bsky.social) ikertzaileak Generoa eta Zientziaren Komunikazioa 2025 jardunaldian eman zuen hitzaldia ikus dezakezu EITBko Nahieran.

 

Sinadura

María Larumbe (emelarumbe.bsky.social), EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.