Darwinen Egunak Charles Darwin biologo eta geologo ingelesaren jaiotza gogoratzen du otsailaren 12an. 1809an jaio zen, eta ‘Espezieen jatorria’ liburua eta eboluzioari buruzko teoria 1859an argitaratu ondoren, historiari lotuta geratu da. Honi esker badakigu izaki bizidun guztiak arbaso komun batengandik gatozela, espezieak denboran zehar aldatzen direla, horri eboluzioa deitzen zaiola, eta hautespen naturala deitzen diogun mekanismo baten eraginez gertatzen dela.
Hori dela eta, datorren otsailaren 12an, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian, 18:30ean, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Zirkulu Eszeptikoak Charles Darwinen jaiotza oroituko dute bi hitzaldirekin, gure espeziearen berezitasunari begirada zabala eskaintzeko asmoz. Hizlariak izango dira, batetik, Conchi de la Rúa Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologia Biologikoko katedraduna, eta, bestetik, Ignacio Martínez Alcalako Unibertsitateko Antropologia Fisikoko katedraduna eta Mercedes Conde Alcalako Unibertsitateko Antropologia Fisikoko doktorea.
Conchi de la Rúak “La huella de especies humanas del pasado en nuestro genoma” (Iraganeko giza espezieen arrastoa gure genoman) hitzaldia emango du eta Ignacio Martínezek eta Mercedes Condek “Primate altruista”. Mintzaldietan hizlariek gaur egun giza eboluzioaren esparruan egiten ari diren ikerketen emaitzak erakutsiko dituzte, horiei esker, gure espeziearen historia eta gizakien berezko ezaugarri batzuen sorrera ulertzeko aukera baitugu.
Horrela, Conchi de la Rúa UPV/EHUko ikertzaileak azalduko du DNA fosilaren azterketari esker jakin ahal izan dela iraganean giza espezie ezberdinen arteko hartu-emanak egon zirela. Paleogenomikari esker, jakina da neandertalak eta denisovarrak duela 40 000 urte inguru, Afrikatik hainbat migrazio-boladaren ondoren Eurasiara iritsi ziren lehen sapiensekin bizi izan zirela.
Ignacio Martínezek eta Mercedes Condek, Alcalako Unibertsitateko ikertzaileek, biologia ebolutiboan gehien eztabaidatu den gaietako bati ekingo diote: altruismoaren jatorria. Altruismoa gizakion ezaugarri berezienetako bat da, eta haren eboluzio-historia ezagutzea garrantzitsua da gizateria ulertzeko. Altruismoaren jatorriak zerikusi zuzena du pertsona kalteberen edo zaurgarrien zaintzarekin. Alderdi hori erregistro fosilean aztertu daiteke, eta auzi horri buruzko argitasun gehien ematen duten giza fosilak Espainiako bi aztarnategitan agertu dira: Atapuercan (Burgos) eta Cova Negran (Valentzia).
2025eko Darwinen Egunak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren eta ‘El Correo’ egunkariaren laguntza du, eta otsailaren 12an izango da, 18:30ean, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Sarrera doakoa izango da aretoa bete arte, eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da KulturguneaTB kanalaren bidez.