Generoa eta zientziaren komunikazioa jardunaldia ekainaren 4an egingo da, Bilbon

Gaur goizean ,UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, Generoa eta zientziaren komunikazioa jardunaldia aurkeztu dute Juan Ignacio Pérez Iglesias UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak eta Elena Leniñena Mendizabal, UPV/EHUko Berdintasunerako zuzendariak.
 
Aurtengoa bigarren edizioa izango da eta ekainaren 4an egingo da Bilboko Iberdrola Dorrean. Bertan 17 aditu eta profesionalek zientzia genero ikuspegia txertatuz nola komunikatu aztertuko dute.
 
Emakumeei eragiten dien adinkeria eta gizonen parte-hartzea aztergai
 
Iazko jardunaldiaren emaitza nabarmenena Zientzia genero ikuspegitik komunikatzeko dekalogoa izan zen. Bertan jardunaldiaren ondorioetan oinarrituz, zientzia era egoki batean komunikatzeko hainbat aholku ematen dira.
 
Hala ere, iazko jardunaldiak komunikazio zientifikoan genero ikuspegia txertatzeko beste hainbat arazo azaleratu zituen. Esaterako, emakume zientzialariei eragiten dien adinkeria edo genero berdintasunarekin zerikusia daukaten jardunaldietan gizonezkoen parte-hartze urria.
 
Pérez Iglesiasek azpimarratu duen bezala “zientziaren komunikazioak balio du zientziaren lorpenak gizarteratzeko eta, ondo egiten ez bada, genero desberdintasunak handiagotu daitezke”.
Leiñenaren ustez, berriz, “UPV/EHUren Berdintasun Planak garatu beharreko ildo estrategiko gisa jasotzen ditu genero-ikuspegia duen ikerketa eta transferentzia, eta ekintza zehatz gisa txertatzen ditu ekoizpen zientifikoa ikusaraztea eta emakumeek ikerketan, dibulgazioan eta transferentzia zientifikoan aktiboki parte hartzea, bereziki STEAM arloetan. Balio sozial eta kultural handiko erreferente femeninoak sortzea helburu garrantzitsua da gure neskatoek eta emakumeek identifikatu ahal izan ditzaten”.
 
Orain arte 225 pertsonek eman dute izena goiz eta arratsaldez luzatuko diren hitzaldiak presentzialki jarraitzeko. Hala ere, EITBren Kosmos eta Youtubeko kanalen bitartez streamingez ikusteko aukera ere egongo da.
 
Aurten ere Euskal Herriko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Euskampus Fundazioak antolatzen dute jardunaldia, Iberdrola, UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza eta EITBren laguntzarekin.