Eguzki-eklipsearen atzean dagoen zientzia esploratzeko hitzaldiak eta tailerrak

2026ko abuztuaren 12an aukera paregabea izango dugu gertakari astronomiko zoragarri bat bizitzeko: eguzki-eklipse osoa. Fenomeno honen atzean dagoen zientzia esploratzeko asmoz, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak, Europako Espazio Agentziak (ESA) eta EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak “Eguzki-eklipse osoa. Behaketa, esplorazioa eta zientzia” jardunaldia antolatu dute. Ekimena 2026ko maiatzaren 11n, astelehenean, egingo da Bilboko Bizkaia Aretoa-EHUn.

 

Jardunaldiak jarduera-programa zabala eskainiko du, lau tailer -hiru, goizez, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat eta beste bat, arratsaldez, publiko orokorrarentzako- eta astrofisikako profesionalek emandako hiru hitzaldi labur eta ondorengo solasaldia. Gainera, eklipsea modu seguruan behatzea bermatzen duten homologatutako betaurrekoak banatuko dira parte-hartzaileen artean.

 

Antolatutako jarduerak

 

Goizean zehar, Bigarren Hezkuntzako 300 ikasle inguruk tailer teoriko-praktikoetan hartuko dute parte, eguzki-eklipseen atzean dagoen zientzia bertatik bertara ezagutzeko. Besteak beste, nola gertatzen diren eta zergatik ez diren hain ohikoak ikasiko dute, eta eklipsea segurtasunez behatu ahal izateko kamera ilun bat egingo dute. Era berean, eguraldiak laguntzen badu, eguzki-behaketak ere egingo dira.

 

Goizez zein arratsaldez, 360 graduko planetario digital bat instalatuko da, ikusleari espazioaren esperientzian murgiltzeko aukera eskainiko diona. Parte-hartzaileek kosmosaren hainbat alderdi deskubritu ahal izango dituzte, hala nola Lurraren mugimenduak, zeruaren itxura urtaro bakoitzean, edo Eguzkiaren, Ilargiaren eta Lurraren lerrokatzea, eguzki-eklipse baten sorrera dakarrena. *Oharra: tailer guztiak beteta daude*.

 

Hitzaldi kosmikoak

 

Jarraitzeko, 15 minutu inguruko hiru hitzaldi labur izango dira Bizkaia Aretoa-EHUko Mitxelena auditorioan, publiko orokorrari zabalik, astronomiarekin lotutako hainbat gai jorratzeko. Hitzaldiak Pedro García-Lario (Europako Espazio Agentzia – ESA), Teresa del Río (Euskal Herriko Unibertsitatea – EHU) eta Peio Iñurrigarro (Euskal Herriko Unibertsitatea – EHU) astrofisikariek eskainiko dituzte.

 

Lehen hitzaldian, Pedro García-Lariok (ESA) eguzki-eklipseaz kalterik gabe gozatzeko zuzeneko eta zeharkako behaketa modo seguruenak aztertuko ditu. Ondoren, Teresa del Ríok (EHU) eklipse osoek Eguzkiari buruz zer argitzen duten azalduko du; zehazki, Eguzkiaren atmosferari buruz, ikusgai egongo baita fenomenoak irauten duen bitartean.

 

Bestalde, Peio Iñurrigarrok (EHU) beste fenomeno astronomiko batekin lotuko ditu eklipseak, planeten iragatearekin, alegia, zeruko gorputz bat tamaina handiagoko beste baten eta behatzailearen artean igarotzearekin. Gaur egun, metodo hori tresna nagusietako bat bihurtu da eguzki-sistemaz kanpoko planetak bilatzeko.

 

Amaitzeko, 20 minutuko solasaldia izango da hizlarien eta bertaratutakoen artean. Naiara Barradok, EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileak, eta Iker Badiolak, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak aurkeztuko dute.

 

Hitzaldietarako sarbidea

 

Hitzaldien sarrera librea eta doakoa da lekua bete arte. Bertaratzerik ez dutenek hitzaldi guztiak zuzenean eta streaming bidez ikusteko aukera izango dute EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren YouTube kanalean. Hitzaldiei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu jardunaldiaren egitaraua.