Aurtengo Eskolako Egutegi Zientifikoa eskuragarri dago jada

Aurreko urteetan lortutako arrakastaren ondoren, aurten ere eskuragarri dago Eskolako Egutegi Zientifikoa. Egutegia zientziarekin lotutako 366 urteurrenez osatua dago, hala nola, zientzialarien jaiotzekin lotutakoak edo aurkikuntza zientifikoekin lotutakoak. 

 

Eskolako Egutegi Zientifikoa Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako ekimena da. Hori dela eta, efemerideez gain, eskolan lantzeko hainbat jarduera eta proposamen ere biltzen ditu. 

 

Hain zuzen ere, gida didaktikoak ahalbidetzen du egutegian agertzen diren edukiak ikasgelan lantzea eta, beste alde batetik, Antzara-joko klasikoa egutegian agertzen diren pertsonaiekin moldatu da.

 

CSICek landutako ekimena da Eskolako Egutegi Zientifikoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren eginkizuna materiala euskaratzea izan da. Izan ere, aurten ere hainbat hizkuntzatan eskuragai dago materiala. Gazteleraz, euskaraz, katalanez, galegoz, aragoieraz eta asturieraz lor daiteke. Horretaz gain, egutegia ingelesez, portugaldarrez, farsieraz, arabiarrez eta esperantoz ere lor daiteke.

 

Egutegia, gida didaktikoa eta Antzararen Jokoa dohain deskargatu daiteke hemen.