Adrian Dacosta Lazera Donostiako La Asuncion Ikastetxeko ikasleak irabazi du EAEko bakarrizketa zientifikoen txapelketa

Adrian Costa Lazera izan da Euskal Autonomia Erkidego mailan Ciencia Show programaren bakarrizketa zientifikoen irabazlea. Donostiako La Asuncion Ikastetxeko ikasleak alkoholak gorputzean daukan eraginari buruzko bakarrizketa zientifikoarekin lortu du lehen postua aurtengo edizioan.

Euskal Herriko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Big Van Cienciak elkarlanean antolatutako ekimenaren irabazleak errealitate birtualeko betaurrekoak jasoko ditu sari bezala eta estatu mailan egingo den finalean parte hartzeko aukera izango du.

Horretaz gain, gaurko finalean parte hartu duten Gasteizko Los Herran BHIko Martin Silva Miguelez, Leioako Artaza-Romo BHIko Iker Anacabe Zarraga eta Donostiako La Asuncion Ikastetxeko Amanda Fernandez ikasleek irailean, Bilbo Zientzia Plaza ekimenaren barnean egingo den estatu mailako finalean parte hartzeko aukera ere izango dute.

Ikasleak umoretik zientziara hurbiltzea helburu

Modu telematikoan egin den eta 500 ikusle inguru izan dituen ekitaldian, Euskal Autonomia Erkidegoko finalera heldu diren zazpi ikasleek haien bakarrizketa zientifikoak aurkeztu dituzte. Epaimahaiak kontuan izan du landutako eduki zientifiko eta teknologikoa, ikusleekin konektatzeko abilezia edo bakarrizketa egin duen ikaslearen trebezia.

Gaurko ekitaldia orain dela bi hilabete egin zenaren jarraipena izan da. Bertan 29 ikastetxeetako 1670 ikasle bildu ziren Bilbon, Donostian eta Gasteizen bakarrizketa zientifikoak entzuteko. Horretaz gain, Ciencia Show programak 10.000 interakzio izan ditu sare sozialetan eta 39 irakaslek formakuntza jaso dute zientzia-gaiak umorea erabiliz irakasteko.