400 ikasle baino gehiagok hartu dute parte Pi Egunaren matematika tailerretan

Gaur goizean 9 ikastetxetako 417 ikaslek Matematikaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako matematika tailerretan hartu dute parte.

BCAMek (Basque Center for Applied Mathematics) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak matematikak hizpide izan dituzten sei tailer egin dituzte Bilboko Bizkaia Aretoan antolatuko BCAM Naukas 2023 jardunaldiaren barnean.

Helburua izan da Lehen Hezkuntzako azken urteetako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak matematikara modu ludikoan hurbiltzea. Tailer horien bitartez ikasleek, esaterako, fraktalen erabileran edota papiroflexiak matematikarekin daukan loturan sakondu dute.

Hala ere, laugarren aldiz antolatzen den BCAM-Naukas ekimena harago doa. Goizeko tailerrez gain, arratsaldean matematikarekin lotutako sei bakarrizketa labur egingo dira. Horietan, gai ezberdinen artean, matematikek unibertsoan nola eragiten duten edota argazkilaritzan daukaten garrantziaz hitz egingo da ordu laurdeneko bakarrizketetan.

Arratsaldeko hitzaldietarako sarrera librea izango da edukiera bete arte eta EITBren Kosmos kanalaren bitartez ikusteko aukera egongo da.