Xehetasunak
Data eta ordua:
abenduak 12 / 18:30 – 19:30
Hizkuntza: Euskara
Streaming-a: Bai. Orain (EITB)
Egoitza
Azken urteotan, nerabezaroaren hasiera lehen telefono mugikor adimenduna izatearekin lotu da. Une horrek errealitatearen mundu paralelo baten antzera funtzionatzen duen ingurune digitalari atea irekitzen dio. Euskadin, 11 eta 12 urte bitarteko hiru nerabetik bik dute horrelako gailu bat, Euskal Herriko Unibertsitateko Weblearner ikerketa taldeak egindako lan baten arabera.
Mugikorrekin, tabletekin edota ordenagailuekin duten harremana teknologiatik haratago doa, eta dimentsio hirukoitza barnebiltzen du: emozionala, soziala eta identitarioa, eta erabiltzen hasten direnengan eragin zuzena du.
Kontu honi buruz hausnarketa egiteko, Eneko Tejada EHUko Weablearner taldeko ikertzaileak eta hezkuntza eta teknologian espezializatutako irakasleak “Nerabeen eta mugikorraren arteko harremana” izenburupeko hitzaldia eskainiko du. Hezkuntzatik eta zientziatik begiratuta aztertuko du Tejadak gailu mugikor hauen erabilerak duen eragina nerabeen ongizate emozionalean, euren buruaren irudikapenean eta gizarte-harremanen eraketan.
Honekin batera, ikastetxean zein etxean familiek, tutoreek eta irakasleek gailu mugikorren erabilera arduratsu, kritiko eta osasungarrian duten rola aztertuko du.
Hitzaldia euskaraz izango da eta Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan egingo da abenduaren 12an, ostirala, 18:30ean. Hitzaldi hau EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Durangoko Bibliotekak antolatzen duten Zientziaren Ertzetik dibulgazio zikloaren parte da. Beti bezala, sarrera doan izango da, edukiera bete arte. EITBren Orain kanalean ere jarraitu ahal izango da zuzenean, streaming bidez.
Hizlaria
Eneko Tejada Garitano Psikodidaktikan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Psikopedagogian lizentziatua Deustuko Unibertsitatean. EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza saileko irakaslea da Hezkuntza Fakultatean, eta baita Teknologia, Ikaskuntza eta Hezkuntza Masterrean ere. Gainera, eCampus unibertsitateko kanpus birtuala zuzentzen du eta Weblearner ikerketa-taldearen kide da. Bere ikerketa-eremuak teknopedagogiarekin, hezkuntza-berrikuntzarekin, eta ziberbizikidetzarekin du zerikusia.

