Bidebarrieta Zientifikoa | Estres termikoa. Zergatik ez gaitu beroak denok berdin itotzen?

Xehetasunak

Data eta ordua:

21 de urria / 19:00 – 20:00

Hizkuntza: euskara. [Aldi bereko itzulpena gaztelerara].

Streaming-a: bai. YouTube eta TikTok Live.

Egoitza

Bidebarrieta Liburutegia

Bidebarrieta kalea, 4
Bilbao, Bizkaia
+ Google Map

Euskadik bere historiako udarik beroenetako bat utzi berri du atzean, 1970etik jasotako tenperaturarik altuenekin. Eszenatoki horrek berriro jarri du mahai gainean zein punturaino izan daitezkeen muturreko bero-gertakari horiek gero eta ohikoagoak eta zergatik ez diguten denoi berdin eragiten.

Zergatik ez digu kalte bera egiten 34 graduko tenperaturak Bilbon eta Dhakan (Bangladesh)? Zer dakite –eta zer ez– klima-ereduek gure etorkizunari buruz? Horiek izango dira Naia Ormaza Zulueta ingurumen ingeniariak eta Columbia Britainiarreko Unibertsitateko (Kanada) doktoretza ondoko ikertzaileak “Estres termikoa. Zergatik ez gaitu beroak denok berdin itotzen?” hitzaldi-solasaldian jorratuko dituen gaietako batzuk.

Jarduera urriaren 21ean, asteazkenean, izango da, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Hitzaldia euskaraz izango da eta aldibereko itzulpena eskainiko da gaztelaniara nahi dutenentzat.

Bero-baldintzek gorputzari bere tenperatura behar bezala erregulatzen zailtzen diotenean agertzen da estres termikoa. Fenomeno horretatik abiatuta, Ormaza Zuluetak azalduko du nola erantzuten dien gure organismoak tenperatura altuei eta klima-ereduei esker nola azter dezakegun horren inpaktua mundu mailan. Mapak eta simulazioak erabiliz, beroa mundu osoan eragiten ari den ondorio batzuk erakutsiko ditu: nekazaritzan galtzen diren lanorduak, kaltetutako uztak edo eskolatik etxera muturreko bero-baldintzetan itzultzen diren haurrak.

Halaber, datuetatik abiatuta, gure eguneroko ohituren –jaten eta edaten duguna, erosten duguna edo nola mugitzen garen– eta berotze-globalaren arteko harremana aztertuko du, gure egunerokotasunean horri buelta emateko ditugun aukerei buruz hausnartzeko. Izan ere, ikertzaileak azpimarratzen duenez, “beroak ez gaitu denok berdin itotzen, eta, askotan, planeta gutxien berotzen dutenek pairatzen dituzte ondoriorik larrienak”.

Hitzaldi-solasaldia EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bilboko Udaleko Kultura sailaren mende dagoen Bidebarrietako Liburutegiak antolatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren parte da. Sarrera doan izango da, eserlekuak bete arte. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanalaren bidez eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren TikTok kanalaren bidez, Katedratik. 

Hizlaria 

Naia Ormaza Zulueta Ingurumen Zientzietan eta Ingeniaritzan doktoratua da (Coloradoko Unibertsitatea, AEB). Gaur egun doktoretza ondoko ikertzailea da Columbia Britainiarreko Unibertsitatean (Kanada), baita Better Planet Lab ikertaldeko kidea ere. Klima-aldaketak eta ingurumen-kutsadurak sortzen dituzten arriskuak aztertzen ditu, eta, zehazki, nork eta nola jasaten dituen neurtzen du, esku-hartzeak isolatuenengana eta zaurgarrienengana irits daitezen.