2026ko Europako Geoparkeen Astea dela eta, Euskal Kostaldeko Geoparkeak jarduera-programa zabala antolatu du maiatzaren 22tik 31ra Deban, Mutrikun eta Zumaian, surfaren atzean dagoen zientzia ardatz hartuta.
Jarduera nagusietako bat ‘Surfa eta Zientzia’ erakusketa izango da, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Kulturak antolatuta. Euskarazko eta gaztelaniazko tamaina handiko hiru infografiaren bidez, besteak beste, surf-taulen atzean dagoen teknologia, itsasoko olatuen zientzia edo ur-kirol horren praktika azaltzen dira.
Donostia, Zientzia Hiria programaren barruan 2021ean sortutako erakusketa ibiltari honek Euskal Herriko hainbat herri bisitatu ditu dagoeneko, hala nola Donostia, Bilbo, Deba, Mundaka, Bakio eta Sopela. Kale-erakusketa Mutrikuko igerileku ondoko zabalgunean eta Zumaiako Moilaberri inguruan egongo da ikusgai maiatzaren 22tik 31ra.
‘Surfa eta Zientzia’ erakusketaren inaugurazioa Mutrikuko igerileku ondoko zabalgunean izango da datorren ostiralean, maiatzak 22, 18:00etan. Ekitaldian izango dira, besteak beste, Ainhize Azpiazu Mutrikuko alkatea; Leire Barriuso Geoparkeko zuzendaria; eta Iker Badiola EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria.
Horrez gain, Zumaiako Alondegia Kultur Etxeko Oxford aretoak ere ‘Surfa eta Zientzia’ erakusketa hartuko du maiatzaren 26tik 31ra. Erakusketa maiatzaren 26an, asteartean, inauguratuko da, 18:00etan. Irekieraren ondoren, meteorologiak olatuetan duen eraginari buruzko hitzaldia izango da, Joseba Egañaren eskutik. Egaña Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziako iragarpen-arduraduna da. Erakusketa maiatzaren 31ra arte bisitatu ahal izango da Alondegia Kultur Etxearen ohiko ordutegian.
Kontsulta ezazu 2026ko Europako Geoparkeen Asterako antolatutako jarduerei buruzko informazio guztia.

