Euskal Herriko Unibertsitatea eta Eroski Fundazioa elkarlanean ari dira ebidentzia zientifikoan oinarritutako ohitura osasungarriak sustatzeko

Ezkerretik eskuinera: Iker Badiola, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria, Gotzone Barandika, EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordea, eta Alejandro Martínez, Eroski Fundazioko zuzendari nagusia. Argazkiak: Iñigo Sierra | EHUko Kultura Zientifikoko Katedra.

 

Erabaki informatuagoak hartu ahal izateko funtsezko tresna da kultura zientifikoa, maila pertsonalean zein kolektiboan. Baita elikaduran ere: zer jaten dugun, nola ekoizten diren elikagaiak edo gure osasunean zer ondorio dituzten ulertzeak irizpideak ematen ditu, eta kontsumitzaileak erabakiak arduraz hartzeko eta ohitura osasungarriagoak ezartzeko duen gaitasuna indartzen du.

 

Ebidentzia zientifikoan oinarritutako kontsumo arduratsua sustatzeko helburuarekin, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Kultura Zientifikoko Katedraren bitartez, eta Eroski Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute dibulgazio zientifikoko edukiak zabaltzeko. Eduki horiek elikadurarekin, osasunarekin eta elikadura-segurtasunarekin lotutako gaiak jorratuko dituzte, eta Consumer.es webgunean argitaratuko dira.

 

Gotzone Barandika Argoitia EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak eta Alejandro Martínez Berriochoa Eroski Fundazioko zuzendari nagusiak sinatu berri dute hitzarmena. Akordio horren bidez, elikadurarekin eta osasunarekin zerikusia duten edukien elaborazioa koordinatuko du Katedrak.

 

Gotzone Barandika Argoitia EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak eta Alejandro Martínez Berriochoa Eroski Fundazioko zuzendari nagusiak sinatu berri dute hitzarmena.

 

Alejandro Martínez Berriochoa Eroski Fundazioko zuzendari nagusiaren hitzetan, “Consumer kontsumitzaileen defentsan eta informazioan aitzindaria den argitalpena da, duela bost hamarkada baino gehiagotik lanean ari dena. Kontsumo-atari garrantzitsuena gara Estatuan, webguneko 156 milioi bistaratzerekin eta RRSSko inpresioekin, kontsumo arduratsu eta jasangarri baterako informazio zorrotzaren prestigioko erreferente. Zientzia-dibulgazioko artikulu horiekin gure informazio- eta hezkuntza-lana indartuko dugula uste dugu, eta kontsumitzaileari lagunduko diogula, bere elikadurari eta osasunari buruzko erabaki informatuagoak har ditzan”.

 

Gotzone Barandika Argoitia EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak azaldu duenez, “akordio honek indartu egiten du EHUk gizarteari jakintza helarazteko duen konpromisoa. Elikadura eta osasun kontuetan herritarrei informazio egiaztatua eta ebidentzian oinarritutakoa ematea unibertsitate publiko gisa dugun erantzukizunaren parte da”.

 

Bestalde, Iker Badiola Etxaburu EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak azpimarratu du: “Lankidetzak agerian uzten du indarrak batzearen balioa, kontsumitzaileari prestakuntza eskaintzeko eta haren ezagutza sustatzeko. Horrela, bi erakundeek beren gizarte-ekintza indartzen dute, eta, horri esker, informazio hobea eta erabakiak hartzeko gaitasun handiagoa duen gizarte baten alde egiten dute”.

 

Elikadura- eta kontsumo-arloan erabakitzeko irizpide gehiago

 

Osasun- eta elikadura-arloko adituek parte hartuko dute dibulgazio-artikuluen edizioan, eta hilero argitaratuko dira. Artikuluak hainbat jakintza-arlotatik landuko dira: biologia, kimika edo nutrizioa, farmakologia edo psikologia. Besteak beste, honako gaiei ekingo zaie: gazteen artean detektatu den minbizi-kasuen gorakada, arraina modu osasuntsuagoan frijitzeko klabeak edo gure organismoan prolaktinak (besteak beste, edoskitzearekin eta haurdunaldiarekin lotutako hormona) duen papera.

 

Lehenengo artikulua, “Aholku biralak, diagnostiko okerrak: TikTok alde iluna” David Carcedo osasun-psikologoak sinatu du eta dagoeneko Consumer.es webgunean kontsultatu daiteke. Carcedo Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko laborategi-ataleko koordinatzailea da.