Azken hiru egunetan 1200 ikaslek hartu dute parte Ciencia Show ekimenean

 
Aurten 24 ikastetxetako 1200 ikaslek hartu dute parte Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Big Van Cienciak antolatutako Ciencia Show saioetan.

 
Egitasmo horren helburua bakarrizketa zientifikoen bitartez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleengan zientziarekiko interesa eta jakin-mina piztea da.

 
Azken hiru egunetan Ciencia Show ekimena Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan egin da: Bilbon UPV/EHUko Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan, Gasteizen UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolan eta Donostian Ignacio Maria Barriola Zentroan.

 
Saio horietan entzun ahal izan diren umorezko bakarrizketa zientifikoek hainbat gai jorratu dituzte, hala nola, ingeniaritza genetikoa, energia nuklearra eta materialen azterketa.

 
Bakarrizketa zientifikoen lehiaketa

 
Ciencia Show ekimenak 14 eta 17 urte arteko gazteei hurbiltasunetik eta umoretik gai zientifiko ezberdinak jorratu nahi ditu. Horretaz gain, ikasleen parte hartze aktiboa bilatzen du eta helburu horrekin ikasleen arteko bakarrizketa zientifikoen lehiaketa antolatzen du urtero.

 
Txapelketan parte hartzeko ikasleek gai zientifiko bat aukeratu beharko dute eta, bakarrizketa formatuan, azaldu. Bideoan grabatutako bakarrizketa zientifikoak aurkezteko epea otsailaren 23an bukatzen da eta apirilaren 12an Euskadiko finala egingo da Donostian.