Surfaren oinarri zientifikoak azaltzen dituen erakusketa Deban egongo da ikusgai irailaren 24ra arte

Gaur hasi eta irailaren 24ra arte Surfa eta Zientzia erakusketa ikusi ahal izango da Debako hondartza ondoko pasealekuan. Ikusgai egongo diren irudietan surf oholen teknologia, olatuak nola sortzen diren azaltzeko informazioa eta kirolaren praktikaren inguruko xehetasun zientifikoak azaltzen dira.

Izan ere, erakusketa hiru irudik osatzen dute. Lehenengoan oholen teknologia eta historian zehar izan duten garapena deskribatzen da, zurezkoetatik material berriekin egindakoetara emandako aldaketak modu bisualean erakutsiz. Bigarren irudian olatuen sorreran haizeak, periodoak edota mareek daukaten eragina zehazten da eta surf egiteko olatu egokienak zeintzuk diren deskribatzen dira. Azkenik, erakusketa osatzen duen hirugarren irudian, surfa nola egiten den azaltzen da eta, betiere ikuspegi zientifiko batetik, olatua hartu eta horren gainean mugitzeko zehaztasunak ematen dira.

Donostiatik kostaldeko hainbat herrietara

Surfa eta Zientzia erakusketa Bakion eta Sopelan egon da orain arte. Aurreko urtean, berriz, Donostian egon zen ikusgai, Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) eta Donostia Kulturarekin batera surfa eta zientziaren harremana aztertzen zuen ekimenaren barnean. Ekimen horretan surfaren pertsona ezagunek, meteorologoek edota fisikariek kirola ikuspegi zientifikotik aztertu zuten.