Udan zehar Surfa eta Zientzia erakusketa ikusgai egongo da kostaldeko hainbat herritan.
Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Euskal Herriko Surf Federazioak abian jarri duten esposizio ibiltarian, infografia ezberdinez bitartez, surfa ikuspegi zientifikotik azalduko da.
Erakusketa hiru irudik osatzen dute. Lehenengoan oholen teknologia eta historian zehar izan duten garapena deskribatzen da. Bertan, zurezko lehen oholetatik material berriekin egindakoetara eman diren aldaketak ikusi ahal dira. Bigarren irudian olatuen sorreran haizeak, periodoak eta mareek daukaten eragina azaltzen da eta surf egiteko olatu egokienak zeintzuk diren deskribatzen dira. Azkenik, erakusketa osatzen duen hirugarren irudian, olatua nola hartu eta horren gainean mugitzeko zehaztasun zientifikoak ematen dira.
Donostiatik kostaldeko hainbat herrietara
Orain arte Surfa eta Zientzia erakusketa Donostian bakarrik ikusteko aukera egon da Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) eta Donostia Kulturarekin batera surfa eta zientziaren harremana aztertzen zuen lehen ekimenaren barnean. Ekimen horretan surfaren pertsona ezagunek, meteorologoek edota fisikariek kirola ikuspegi zientifikotik aztertu zuten.
Orain, udan zehar surfarekin lotura estua daukaten hainbat herrietara helduko da erakusketa.
Esposizioaren lehenengo geldialdia Bakio izango da. Uztailaren 3tik 16ra hondartza parean ikusgai egongo da.