Naukas Bilbao, zientzia eta umorearen ikuskizunik handienak, 15. urteurrena ospatuko du

Beste urtebetez -hamabost, dagoeneko-, asteburu honetan itzuliko da dibulgazio zientifikoko ikuskizunik handiena, Naukas Bilbao. Bere formula paregabearekin itzuliko da, zientziaren ezagutza era samur eta askean gerturatzeko duen formula paregabearekin. Naukas dibulgazio zientifikoko plataformak eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak elkarlanean antolatuta,  ekimenak bertako eta estatuko  50 dibulgatzaile baino gehiago bilduko ditu ostiral eta larunbat honetan.

 

Bihar, irailak 19, eta etzi, irailak 20, 10 minutuko zientzia-bakarrizketa, ikuskizun eta esperimentuekin gozatu ahal izango du publikoak. Aurtengoa, urteurren berezia izanda, eduki aldetik ere apartekoa izango da. Nabarmentzekoa da, esate baterako, Naukas Pro egitarau orokorrean txertatuko dela. Bertan, zientzialariek eta ikerketa zentroetako kideek proiektuak eta esperientziak partekatuko dituzte. Beste hainbat proposamenen artean, Eva Garnica sikiatrak mikrobiotaren eta osasun mentalaren arteko harremana azalduko du, eta Judith Rivas matematikariak euskal dantzen eta matematiken artean dagoen lotura liluragarria.

 

Etorriko diren hizlari berriekin batera, Naukas Bilbaoko publikoarentzat ezagunak egingo diren aurpegiak ere izango dira hamabosgarren urteurren honetan, esate baterako Luisma García Escudero biologoa edota Daniel Torregrosa kimikaria. Lehenengoak intsektuen begien tolesturen inguruan hitz egingo du. Bigarrenak George Gamow mekanika kuantikoaren aitzindariari omenaldia egingo dio, diziplina honen inguruan ehundu diren hainbat mito argituz.

 

Solasaldi berezi bat ere izango da aurten Euskalduna Bilbaoren auditorioan. Protagonistak Antonio Martínez Ron kazetaria eta Eloísa del Pino Consejo Superior de Investigaciones Científicas-eko (CSIC) presidentea izango dira. Sarrera doan, aretoaren edukiera bete arte. Bertaratzeko aukerarik ez dutenek, zuzenean ikusi ahal izango dituzte, streaming bidez, EiTBren Kosmos kanalaren bitartez.

 

Naukas Kids: zientzia dibertigarriena

 

Bukatzeko, irailaren 21ean, igandean, txikienentzat bi ikuskizun zientifiko eta zortzi tailer antolatuko dira Naukas Kids-en baitan Bizkaia Aretoa – EHU eraikinean. Gerturatzen direnek, besteak beste, zientziak eta magiak bat egingo duten espektakulua bizitzeko aukera izango dute, edota euren planeta propioa sortzeko, itsasoaren sakontasunak esploratzeko edo etxean egin daitezkeen esperimentuen bitartez bizitzarako trikimailuak ikasteko.

 

Ekintzak 10:00etatik 14:00etara egingo dira (ateak 9:30ean irekiko dira). Sarrera dohainik izango da, edukiera bete arte. Aurreko edizioetan gerturatu zen publiko kopuru handia kontuan izanda, garaiz etortzea gomendatzen da, ekintzetan parte hartu ahal izango dela bermatzeko.

 

Naukas Bilbao Bilbo Zientzia Plaza 2025 iniziatibaren plater nagusia izango da. BZP EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako zientzia-dibulgazioko ekimena da, Bilboko Udalaren eta Euskampus Fundazioaren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila, Donostia International Physics Center (DIPC), Metro Bilbao eta EiTB erakundeen laguntzarekin. Aurtengoan, irailaren 17tik 30era ospatuko da. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu prentsa dossierra aktibikate guztiekin.