Pi (π) zenbakiak 4.000 urte baino gehiago daramatza jakingura, galderak eta erronka matematikoak pizten. Egutegian ere data propioa du, hain da handia bere ospea: martxoaren 14a, euskaraz eta ingelesez bere lehenengo digitikuekin kointziditzen duen zenbakia –3/14-. 1988an Larry Shaw fisikariaren ekimen gisa hasi zena mundu mailako ospakizuna bihurtu da, eta 2019an UNESCOk Matematikaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen.
Urteurrena ospatzeko, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, Basque Center for Applied Mathematics-ek (BCAM) eta Naukas zientzia dibulgaziorako plataformak BCAM Naukas Pi Eguna jardunaldi matematikoa antolatu dute beste behin Bilbon; diziplina horren alderik sortzaileena eta hurbilena ezagutzeko aukera ederra.
Aurten zazpigarren edizioa beteko duen ekitaldia datorren ostiralean egingo da, martxoaren 13an, Bizkaia Aretoa-EHU eraikinean. BCAM Naukas Pi Eguna 2026 jardunaldiak gazteei zein helduei zuzendutako egitaraua izango du. Bertan, geometria, estatitiska edo topologia bezalako matematikako adar bereizgarrienetako batzuk ikertzen eta zabaltzen dituzten profesionalak izango dira.
Antolatutako jarduerak
Goizean zehar hainbat tailer matematiko egingo dira lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzat, zientzia horrekiko interesa pizteko xedearekin. Guztira, 16 ikastetxetako 600 ikasle inguruk hartuko dute parte.
Beste proposamen batzuen artean, tailerretan parte hartuko dutenek papiroflexia edo flexagonoen figurak eraiki, museo seguruena nola diseina daitekeen deskubritu –matematikaren ikuspuntutik behintzat-, jolas erraldoiekin jardun edo, Star Wars saga zinematografikoan inspiratuta estatistikaren zirrikitu batzuk ikasi ahal izango dituzte.
Hitzaldiak Pi klabean
Arratsaldean, jardunaldiak 15 minutuko sei hitzaldi labur eta dinamikorekin jarraituko du, Pi zenbakiak dituen ezaugarri eta eguneroko bizitzarako erabilpen batzuk ezagutarazteko. Jendaurreko hitzaldi zientifiko horiek Bizkaia Aretoa-EHUko Mitxelena aretoan egingo dira, eta euskal nahiz estatuko zentro akademiko eta ikerketa-zentroetako ikertzaileek emango dituzte.
Lehenengo hitzaldian, Pablo Fernándezek (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) matematikaren historiako lankidetza liluragarrienetako bat aipatuko du, Infinitoa ezagutzen zuen gizona (2015) filma inspiratu zuena: Srinivasa Ramanujan matematikari autodidaktaren eta G.H. Hardy akademikoaren artekoa. Ondoren, José Antonio Pradok (Sevillako Unibertsitatea) Pi zenbakiari mozorroa kentzera gonbidatuko du publikoa; izan ere, Pradok ohartarazi duenez, arrazoiak badaude bere “itxurakeriaz” susmatzeko.
Ondoren, Leticia Hernandok (EHU) inurriek, algoritmoek eta gizakiok konpartitzen dugun nolakotasun bati buruz hitz egingo du: optimizatzeko gaitasuna. Irene Gonzálvezek (BCAM) geometria ez-euklidearretan jarriko du arreta: intuizioa desafiatu dezaketen arren, inguratzen gaituen mundua hobeto deskribatzeko eta ulertzeko aukera ematen dute.
Bestalde, Judith Rivasek (EHU) matematikaren eta dantzaren artean dagoen harremana esploratuko du bere hitzaldian, euskal dantzak adibide gisa jarriz. Amaitzeko, Tomás Teijeirok (BCAM) datuen metaketa masiboaren eta arrazoiketaren benetako jauziaren artean dagoen arrakala aztertuko du.
Hitzaldietarako sarbidea
Arratsaldeko hitzaldiak sarrera librekoak dira, eserlekuak bete arte. Bizkaia Aretoa-EHU eraikinera hurbiltzerik ez duenak zuzenean jarraitu ahal izango ditu streaming bidez Katedraren YouTube kanalean. Hitzaldiei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu BCAM Naukas 2026ko hitzaldi-egitaraua.

