Lakua BHI-ko Erika Ruiz de Arbulo ikasleak irabazi du Ciencia Show bakarrizketa zientifikoen Euskadiko finala

Lakua BHI-ko Erika Ruiz de Arbulo ikasleak irabazi du aurtengo Ciencia Show bakarrizketa zientifikoen txapelketa. Ruiz de Arbulok “Lucyk kontatu ziguna” bakarrizketarekin lortu du garaipena Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Big Van Cienciak antolatutako txapelketan.
 

Gipuzkoako UPV/EHUko campuseko Carlos Santamaria zentroan burutu den finalean zazpi ikaslek hartu dute parte. Adimen artifiziala, dislexia, unibertsoa edota lo egitearen arrazoiak hizpide izan dira bakarrizketetan.
 

Horien artean irabazlea aukeratu behar izan du zientzialari, unibertsitateko irakasle eta dibulgatzaile zientifikoez osatutako epaimahaiak. Erabakia hartzeko kontuan hartu da bakarrizketaren eduki zientifikoa eta hizlariak ikusleekin konektatzeko duen gaitasuna eta abilezia.
 

Irabazleak lortu duen saria errealitate birtualeko betaurreko batzuk izan dira eta bere ikastetxerako zientziarekin lotutako hainbat liburu.
 

1400 ikusle eta irakasleentzako prestakuntza saioak
 

Euskadiko finalera heldu baino lehen Ciencia Show ekimena hainbat tokitan aurkeztu da. Ekitaldi horietan 1400 ikaslek umorea eta zientziaren ezagutza uztartzen dituzten bakarrizketak entzun ahal izan dituzte.
 

Horren ondoren Euskadiko ikastetxe ezberdinetako ia 30 irakasleri prestakuntza eman zaie haien ikasgaietan zientziarekiko interesa pizteko estrategien inguruan. Hau da, azaldu zaie narratiba arinak, hitz-jokoak edota umorea nola txertatu gai zientifikoak jorratzerakoan.