Iker Badiola Etxaburu ikertzailea izango da Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendari berria

Eva Ferreria Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak Iker Badiola doktorea izendatu du UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendari bezala.
 

Badiola (Ondarroa, 1978) 2001. urtean Biologia Zientzietan lizentziatu zen eta 2007an doktore titulua lortu zuen UPV/EHUn. Gaur egun unibertsitate bereko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean irakasle osoa eta Biologia Zelularra eta Histologia Saileko zuzendari akademikoa da.
 

UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedraren zuzendariak ikertzaile gazte onenaren saria jaso zuen 2006an eta Galizako Zientzien Errege Akademiak ematen duen Ernesto Viéitez saria 2019an gibeleko metastasiaren aurkako terapia bat garatzeagatik. 28 artikulu zientifiko argitaratu ditu, patente baten sortzailea da, Histologiari buruzko lau liburu idatzi ditu eta hiru doktore-tesi zuzendu ditu. Katedrako zuzendari berriak Kopenhage eta Torontoko Unibertsitatean egonaldiak egin ditu eta  INNOPROT SL eta NANOKIDE THERAPEUTICS SL enpresa bioteknologikoen sortzailea da. Gaur egun gibeleko metastasiaren aurkako terapia berriak lortzeko lanean ari da UPV/EHUko Signaling Lab taldean.
 

Horretaz gain, Badiolak eskarmentua du zientzia-dibulgazioan. Hainbat komunikabideren ohiko kolaboratzailea izan da, UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrarekin ere kolaboratu du eta minbiziaren oinarri zelular eta molekularrak azaltzen dituen “El cangrejo de Troya” dibulgazio liburua idatzi du.
 

Badiolak Pérez Iglesias ordezkatu du zuzendari bezala

 
Badiolak Juan Ignacio Pérez Iglesias ordezkatuko du UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaritzan, izan ere azken hau ekainean Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua izendatu zuten. Zuzendari berriak adierazi duenez, “helburu nagusia Katedrak zientzia-dibulgazioan duen erreferentzialtasunari eustea da. Gizarteari ezagutza hedatzen jarraitu dugu gizarte eragile desberdinekin lankidetzak sortuz eta saretuz”.
 

Horrela Badiola Katedrak bere sorreratik izan duen bigarren zuzendaria izango da. 2010. urtean sortu zen UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra unibertsitatearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko akordioaren ondorioz. Ordutik hainbat ekimen jarri ditu abian zientzia-dibulgazioa sustatzeko. Horren adibide dira Naukas Bilbao, Genero eta Zientziaren Komunikazioa, Eboluzioa eta neurozientziari buruzko jardunaldiak, Darwin Eguna, Pi Eguna edota hitzaldi zientifikoen ziklo ezberdinak.
 

Jarduera horri gehitu behar zaio egunero Cuaderno de Cultura CientíficaZientzia KaieraMujeres Con Ciencia eta Mapping Ignorance blogetan argitaratzen diren zientzia-dibulgazioko artikuluak.
 

Zientzia-dibulgazioan erreferentea

 
Hamalau urteko bidea egin ondoren UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra erreferentzia bihurtu da estatu mailan kulturaren esparruan zientzia gizarteratzen egindako lanagatik. Horren adibide dira, esaterako, 2014ean jasotako Prisma saria, Espainian zientzia-dibulgazioa aitortzen duten saririk garrantzitsuenetakoa, , 2017ko Buber Sariak zientzia edukiak blogen bidez sarean zabaltzeko egindako lanarengatik, 2023ko EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetza emandako “Irulegiko eskua” aitortza edota 2024an Bizkaiko Foru Aldundiaren Zirgari Saria zientziaren arloan berdintasuna jorratzen duen Mujeres con Ciencia bloga egitasmoa aurrera eramateagatik.