Maskulino generikoa bezalako hizkuntz-esapideen erabilerak, edo bikoizketak, izen epizenoak edo –e neomorfemaren erabilera bezalako baliabide inklusiboek eragin zuzena dute generoaren pertzepzioan. Horrez gain, beste hainbat faktorek ere pisu handia dute testuak interpretatzeko garaian, euskaraz zein gaztelaniaz: mezua jasotzen duenaren generoak, bere sexismo mailak edo feminismoarekiko eta hizkera inklusiboarekiko duen jarrerak.
Hizkuntzak generoaren pertzepzioan duen garrantzia aztertzeko asmoz, Laura Vela-Plo hizkuntzalariak eta EHUko Filologia eta Historia saileko irakasleak “Gizona ala emakumea? Zientziak dioena generoaren pertzepzioari buruz euskaraz eta gaztelaniaz” hitzaldi-solasaldia eskainiko du apirilaren 15ean, asteazkena, 19:00etan, Bilboko Bidebarrietako Liburutegian. Saioa euskaraz izango da eta aldi bereko itzulpena egongo da gaztelaniara.
1.500 parte-hartzaile baino gehiagorekin egindako hiru ikerketen emaitza nagusiak aurkeztuko ditu hitzaldian: bi gaztelaniaz, EHUko ikasleekin eta publiko orokorrarekin; eta hirugarren bat euskaraz, EHUko ikasleekin bakarrik. Ondorioen artean, agerian gelditu da hizkuntzak eragina duela pertzepzio sozialean, maskulinoan egindako adierazpideek interpretazio maskulinoak eragin ohi dituztela, eta formula inklusiboek genero-alborapena murrizten laguntzen dutela bi hizkuntzetan.
Hitzaldi-solasaldia EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bilboko Udaleko Kultura sailaren mende dagoen Bidebarrietako Liburutegiak antolatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren parte da. Sarrera doan izango da, eserlekuak bete arte. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, Bidebarrieta Kulturgunea YouTube kanalaren bidez.

