Bukatzear dagoen urtean UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako ekimenek 85.000 partehartzaile baino gehiago bildu dituzte. Hain zuzen ere, 38.500 pertsona bertaratu dira antolatutako ekimenetara eta 46.500 pertsonek streaming bidez jarraitu dituzte hitzaldi eta jardunaldiak.
Dibulgazio-zientifikoa helburu duen UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak 14 ekimen desberdin antolatu ditu urtean zehar. Zientzia hizpide duten hitzaldiek, erakusketek, tailerrek edo gai zehatzen inguruko jardunaldiek profil anitzeko publikoa bildu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuez gain, Kultura Zientifikoko Katedraren jarduna herrietara zabaldu den urtean.
Izan ere, aurten ere eskaintza zabala izan da. Iraila osoan luzatzen den Bilbo Zientzia Plazaz gain, Bidebarrieta Zientifikoa, Zientziaren Ertzetik eta Zuia Zientifikoa hitzaldi zikloak egin dira eta publiko zehatzagoei zuzendutako ekimenek ere harrera ona izan dute. Esaterako, ikasleei zuzendutako Ciencia Show bakarrizketa zientifikoen lehiaketa antolatu da, bertsozaleentzako Bertsozientzia saioak egin dira eta hezkuntza edota neurozientzia arloko profesionalentzat, hurrenez hurren, Hezkuntza-frogak eta Eboluzioari eta neurozientziari buruzko jardunaldiak antolatu dira.
Berritasunen artean, genero-arrakalari aurre egiteko proposamenak
Aurtengo berritasunen artean lehen aldiz antolatu den Generoa eta Zientziaren Komunikazioa jardunaldia aipatu behar da. Otsailean EITBren eta Iberdrolaren laguntzarekin antolatutako jardunaldian zientzia arloan ematen den genero-arrakalaren inguruan hausnartu eta horri aurre egiteko Zientzia genero ikuspegitik komunikatzeko dekalogoa osatu zen.
Horretaz gain, Zientzia Kaiera blogak hamar urte bete dituen urtean bertan argitaratutako hainbat artikulu Zientziaren Uretan liburuan bildu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak.
Ezagutza herritarren esku
Aipatzekoa da ere urtean zehar hainbat herritan antolatutako erakusketek izan duten harrera. Surfaren oinarri zientifikoak azaltzen dituen Surfa eta zientzia erakusketa 10.400 pertsonek ikusi dute eta eguneroko objektuen funtzionamendua azaltzen duen Zientzia Kalean erakusketak 16.000 bisitari izan ditu.