Euskal Herriko Ciencia Show bakarrizketa-lehiaketaren finala Bilbon izango da, 1.400 ikasle baino gehiago bildu ostean

Ciencia Show bakarrizketa-lehiaketak badu jada final handirako data: ekainaren 4an izango da, asteazkena, UPV/EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditorioan, Bilbon (Bizkaia).

 

Ciencia Show Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Big Van Ciencia taldeak bultzatutako zientzia-hezkuntza ekimena da. Helburua da Bigarren Hezkuntzako ikasleen interesa sustatzea ikasketa zientifiko-teknologikoekiko eta horretarako arte eszenikoak dira oinarria. Proiektuak zientzia-dibulgazioa eta umorea uztartzen ditu ikasleei parte-hartzaile izatera gonbidatuz.

 

Egitasmoaren lehen fasea joan den astean amaitu zen, Big Van Ciencia taldeko kideen bakarrizketa zientifikoen sei emaldiekin. Saio hauek UPV/EHUko hiru campusetako auditoriumak bete zituzten eta, bertan, ikasle saiatuak gogoa handiarekin gozatu zuten umorez kontatutako istorio zientifikoez.

 

Guztira, 31 ikastetxetako 1.400 ikaslek parte hartu zuten, 13-17 urte bitarteko gazteak. Hirien araberako banaketa honako hau izan da:

 

  • Bilbon (Mitxelena auditorioa, Bizkaia Aretoa–UPV/EHU): 792 parte-hartzaile
  • Gasteizen (Areto nagusia, Ingeniaritza Eskola-UPV/EHU): 473 parte-hartzaile
  • Donostian (Antonio Beristain auditorioa, Carlos Santamaria Zentroa-UPV/EHU): 227 parte-hartzaile

Ikuskizunetik bakarrizketa-lehiaketara

Aurrez aurreko ikuskizunen ondoren, proiektuaren bigarren fasea hasiko da, bakarrizketa zientifikoen lehiaketa. Maiatzaren 2ra arte ikasleek YouTube estiloko bideo formatuan aurkeztu ahal izango dute zientzia oinarrian duen bakarrizketa bat. Edukiaren eta bideoaren lanketan laguntzeko, formazio espezializatua eskainiko zaie irakasleei tresna narratiboak eta eszenikoak izan ditzaten eskura ikasgelan bakarrizketak sortzen laguntzeko.

 

Ekainaren 4an, epaimahaikideen oniritzia jasotzen duten ikasleak Bilboko Bizkaia Aretoko oholtzara igoko dira, bakoitzaren bakarrizketa zientifikoa aurkezteko. Bakarrizketa-lehiaketaren finalean talentua, sormena eta zientziarekiko jakin-minaren ispilu izango dira eta ateak zabalik izango ditu joan nahi duen ororentzat.