Argazkia: Iñigo Sierra | EHUko Kultura Zientifikoko Katedra.
Zientzia ez da laborategian bakarrik egiten, komunikatu, partekatu eta ospatu ere egiten da. Adibide on bat Naukas Bilbao da, zientzia eta umorezko ikuskizunik handiena, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Naukas dibulgazio-plataformak antolatua. Naukas Bilbaok bere 15. edizioa ospatu zuen irailaren 19an eta 20an Euskalduna Bilbaon.
Jaialdian parte hartu zuela aprobetxatuz, Eloísa del Pino Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) presidentea elkarrizketatu genuen, ikerketa zientifikoak dituen erronka nagusiei buruz galdetzeko eta dibulgazioak gizarteari zientzia hurbiltzeko duen balioari buruz hausnartzeko.
Zientziarako une erabakigarri batean hartu zenuen CSICeko presidentzia, 2022an. Zer helburu jarri zenituen iritsi zinenean eta, zure ustez, zeintzuk ari dira dagoeneko fruituak ematen?
Erakundera iristean, lau helburu nagusi planteatu genituen. Lehenik eta behin, kudeaketa optimizatzea, horretarako burokrazia murriztuz, erakundea modernizatuz hamar urterako digitalizazio-plan baten bidez –dagoeneko hiru urte daramatzagu– eta espazioak birpentsatuz erakundearen hazkundera egokitzeko, dagoeneko 17.000 pertsona baino gehiago baikara.
Bigarrenik, geure burua gobernatzeko dugun modua hobetzea. Horri dagokionez, jasangarritasun-plan bat onartu genuen 2024an, eta laneko jazarpenari eta sexu-jazarpenari buruzko protokoloak eguneratu genituen. Genero-berdintasuna eta aniztasuna ere bultzatzen ari gara. CSIC geroz eta pluralagoa da eta berau osatzen duten pertsonei egokitu behar gara.
Hirugarren helburua giza baliabideak indartzea da: talentu nazionala zein nazioartekoa erakarri, azpiegitura zientifikoak hobetu eta JAE-PRE edo JAE-INTRO bezalako programak ireki, ikasleek –EHUkoek barne – ikerkuntzara hurbildu eta beren ibilbide profesionala arlo horretan garatu nahi duten ala ez erabakitzeko aukera izan dezaten.
Laugarren eta azken helburua gure garrantzi zientifikoa, instituzionala eta soziala handitzea da, ezagutzaren transferentzia, enpresen sorrera eta patenteen lidergoa sendotuz. Europako G6aren eta munduko R7 Plusaren parte gara, eta sektore publikoan erabakiak hartzen dituztenentzat aholkularitza zientifikoko ildo bat ireki dugu, lehortea edo mikrobio-eresistentzia bezalako funtsezko gizarte-gaietan.
CSIC Espainiako ikerketa-erakunde publiko handiena da. Zure ustez, nola lagun dezake zientziak gizarte informatuagoa, parte-hartzaileagoa eta kritikoagoa eraikitzen?
Era askotan. Urtean dibulgazio eta kultura zientifikoko 13.000 jarduera inguru antolatzen ditugu. Sail sendoa dugu eta urtero 400 bat titulu argitaratzen dituen argitaletxe bat, batzuk izaera zientifikoa dutenak eta beste batzuk dibulgaziokoak, era askotako gaiei buruzkoak. Gure bildumarik arrakastatsuenetako bat ¿Qué sabemos de…? da. 100 izenburu baino gehiago argitaratu dira, inurrien bizitzatik hasi eta Al-Andalus, fisika kuantikoa edo adimen artifizialeraino jorratzen dituztenak.
Mentes curiosas, curiosas mentes bilduma ere argitaratzen dugu, txikienei zuzenduta. Tituluen artean, Oler, Biodiversidad edo Bichos daude, oso diseinu erakargarriarekin eta Estatuko hizkuntza guztietara itzulita. (Oharra: EHUko Kultura Zientifikoko Katedra arduratzen da bilduma honen liburuak euskaratzeaz).
Gainera, landa-munduari zuzendutako jardueretan eta Naukas Bilbao bezalako dibulgazio-ekitaldi handietan hartzen dugu parte. Gure ikertzaile batzuk bakarrizketekin igotzen dira eszenatokira, eta geroz eta enpatikoagoak izaten saiatzen gara, batzuetan zientzialariok ez dugulako oso hizkera ulergarria erabiltzen. Garrantzitsua da besteen lekuan jartzea.
Naukas Bilbaon parte hartu duzu berriki, eragin handiko zientzia-dibulgazioko ekitaldian. Zure ustez, zer balio dute horrelako topaketek zientzia gizarteari hurbiltzeko?
Euskalduna Bilbaoko auditorioa ikustea besterik ez dago, 1.000 gazte ingururekin beteta. Hedapenari dagokionez, inpaktua ikaragarria da, eta epe luzekoa. Naukas Bilbaok 15 edizio daramatza, eta publikoa zein zientzialariak ilusionatu egiten dituen erreferente bihurtu da. Zientzialariek dibulgazio-ahalegin handia egiten dute. Azken finean, horrelako gertaerek balio sozial handia dutela uste dut.
Gizarteak erronka globalei egin behar die aurre, klima-aldaketari edo adimen artifizialari esate baterako. Nola lagun dezake CSICek horiei aurre egiteko ezagutza eta irtenbideak sortzen?
Datozen urteetako erronka zientifiko eta sozial handien inguruan hausnartu dugu eta 14 liburu zuritan zehaztu ditugu, 2030ari begira. Hutsune zientifikoak, galdera irekiak eta ikerketa-beharrak identifikatzen ditugu horietan. Gainera, Science for Public Policies bildumako txostenetan bildu ditugu, era ulergarriagoan, politika publikoak bideratzeko.
Zehazki, funtsezko arlo bezala honako hauek identifikatu ditugu: digitalizazioa, ingurumen-jasangarritasuna, osasuna eta elikadura, eta lehen sektorea, eraldatzen ari den mundu honetan. Era berean, gizarte-zientzietatik, demokraziak sendotzeko eta defendatzeko lanean ere ari gara, desinformazioaren eta polarizazioaren aurrean.
Erronka horiek guztiak digitalizazioari eta digitalizazioak gizartean duen eraginari lotuta daude. Beste herrialdeekin alderatuta atzean geratzea ekidin behar dugu, gure ikertzaileei azpiegiturak eman behar dizkiegu eta inplikazio etikoei aurre egin behar diegu. Beharrezkoa da, halaber, gizarteari zuhurtasuna eta konfiantza helaraztea: beldurrak kendu, aurrerapenak azaldu eta haurtzarotik zahartzarora alfabetatu.
Desinformazioa oso presente dagoen testuinguru batean, erakunde publikoetatik zer urrats eman daitezkeela uste duzu gizarteak zientzian eta ikerketan dihardutenengan duen konfiantza indartzeko?
Uste dut batzuetan esajeratu egiten dugula zientziarekiko mesfidantza areagotu egin dela esaten dugunean. Zientzian konfiantza handia dago oraindik, nahiz eta negazionismo politikoa arazo larria den. Konfidantza hori sendotzeko, gehiago dibulgatu behar dugu, enpatikoak izan eta komunikabideetako profesionalak eta iritzi-liderrak kontuan izan, irakasleak esate baterako. Era berean, garrantzitsua da erakustea ikertzaileak pertsona arruntak garela, eta ez dagoela zientzialari eszentrikoaren klixeari erantzun beharrik.
Gainera, alarmismoa eta dramatizazioa saihestu behar ditugu. Klima-aldaketaren aurrean, adibidez, egunerokotasunean eragin dezakegu, ez birziklatuz bakarrik, baizik eta gutxiago kontsumituz, argiak itzaliz, arropa gutxiagotan garbituz… Zientzia ez da magia eta ez ditu arazo guztiak konponduko, gure bizi-ohiturak ere aldatu behar ditugu.
Egileaz: María Larumbe (@emelarumbe.bsky.social) kazetaria eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazio arduraduna da.

