Irailaren 10ean hasi eta 30ean bukatu den Bilbo Zientzia Plaza (BZP) ekimenak 42500 pertsona bildu ditu egun horietan zehar egindako jarduera ezberdinetan.
Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako ekimenak ia 70 hitzaldi zientifiko, bi ikuskizun, antzezlan bat eta erakusketa bat barne hartu ditu bere programazioan.
Izan ere, BZPren helburua zientzia-dibulgazioa paisaia kulturalean errotzea eta ezagutza zientifikoa publiko anitzaren esku jartzea izan da. Iker Badiola Etxaburu UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariaren ustez helburua lortu da.
“Gure helburu nagusia zientzia-dibulgazioa paisaia kulturalean errotzen jarraitzea izan da eta hori lortu dugu. Emaitzek agerian uzten dute zientziak interesa sortzen duela. Katedratik ezagutza zientifikoa eskaintzen dugu eta jendeak egin dugun proposamenari gogoz heldu dio. Beraz, helburua bete dugu”, adierazi du Badiolak.
Ikusle kopuruak gora egin du NAUKAS Bilbaon
Azken asteetan antolatutako jardueretara ia 6000 pertsona hurbildu dira. Horietatik gehienak Euskalduna Bilbaon hiru egunez, irailaren 19tik 21era, luzatu den Naukas Bilbaora gerturatu dira. Ostegunean itsasoko kutsadura eta energia berriztagarriak hizpide izan zituen NAUKAS PROk 400 pertsona baino gehiago bildu ditu; ostiralean eta larunbatean egindako NAUKAS Bilbaok, berriz, 4000 pertsona batu ditu, aurreko urteko kopurua hobetuz.
Horretaz gain, igande horretan egindako NAUKAS Kidsen azkeneko ediziora 660 haur eta gazte hurbildu ziren Bizkaia Aretoa-UPV/EHUra zientzia hizpide izan zituzten ikuskizun biak ikustera.
Azkenik, Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldien zikloari hasiera eman dion Soy Jon y estoy muerto antzezlana ikustera 125 pertsona hurbildu ziren eta irailean zehar Bizkaia Aretoa-UPV/EHUn egon den GEAS: Lurra aztertzen duten emakumeak erakusketara 755 pertsona hurbildu dira.
36000 ikusle baino gehiago streaming bidez
Aurten ere BZPren hainbat ekimen streamingez jarraitzeko aukera egon da eta 36000 pertsona baino gehiagok aukera hori egin dute hitzaldi ezberdinak zuzenean ikusteko. Horretaz gain, gerora plataforma ezberdinetan jarri diren BZPren bideoek 71.000 ikustaldi baino gehiago izan dituzte orain arte, aurreko urteko zifrak hobetuz.
BZP Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin eta DIPC, Euskampus Fundazioa, Metro Bilbao eta EITBren laguntzarekin antolatutako ekimena da.