1.000 pertsona baino gehiagok matematika eta bere aplikazio ugariak ospatu dituzte Bilbon

Matematika nonahi dago. Era askotako aplikazioak ditu eta gure egunerokotasunaren parte dira, askotan gu konturatu gabe. Diruaren kudeaketatik hasi eta bidaia baten planifikazioraino, matematikak inguratzen gaituen mundua hobeto ulertzen laguntzen digu. Egutegian egun propioa ere badu: martxoaren 14a, UNESCOk Matematikaren Nazioarteko Eguna izendatu zuena. Konstante matematiko ezagunenetako bati, Pi zenbakiari (3,14), erreferentzia egiten dio egun horrek.

 

Matematika eta bere erabilera anitzak ikusarazteko, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak, Basque Center for Applied Mathematics-ek (BCAM) eta Naukas dibulgazio-plataformak BCAM Naukas Pi Egunaren edizio berri bat antolatu zuten joan den astean.

 

Zazpigarren edizioa martxoaren 13an egin zen Bilboko Bizkaia Aretoa-EHUn, eta 1.000 pertsona baino gehiago bildu zituen, aurrez aurre zein online. Edizioz edizio, dibulgazio-jardunaldi hau  matematika ospatzeko eta dituen aplikazio anitzak gizarteari era hurbil eta entretenigarrian ezagutzera emateko aukera paregabe bezala finkatu da.

 

Tailerrak eta hitzaldi-laburrak

Ostiral goizean, 19 ikastetxetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 600 ikaslek baino gehiagok hartu zuten parte, euren irakasleekin batera, matematikarekiko interesa pizteko diseinatu ziren tailerretan. Saio horiek euskaraz eta gaztelaniaz eskaini ziren. Bertan, ikasleek papiroflexia tailerrez gozatu, NANaren kodeen bidez kriptografia ezagutu eta estatistikaren oinarrizko kontzeptuak ikasi ahal izan zituzten Star Wars sagan inspiratutako jarduera baten bidez.

 

Arratsaldean, 15 minutuko hitzaldi-labur eta dinamikoekin jarraitu zuen egitarauak, Pi zenbakiaren propietateak eta eguneroko bizitzako beste aplikazio matematiko bazuk ardatz hartuta. Zehazki, 160 lagun inguru bertaratu ziren hitzaldietara, eta beste 290 inguruk streaming bidez jarraitu zituzten zuzenean.

 

Sei ikertzaileren eskutik, publikoak espazioaren gutxi gorabeherako forma eta matematikaren eta dantzaren arteko harreman estua ezagutu ahal izan zituen, eta baita optimizatzeko gaitasuna ere, algoritmo matematikoekin eta beste animalia batzuekin konpartitzen dugun ezaugarri bat, hala nola inurriekin.

 

Hitzaldi guztiak EHUko Kultura Zientifiko Katedraren YouTube kanalean daude ikusgai.