Surfaren oinarri zientifikoak azaltzen dituen erakusketa Bakion egongo da ikusgai uztailaren 16ra arte

Xehetasunak

Data eta ordua:

3 de uztaila de 2023 / 08:00 16 de uztaila de 2023 / 17:00

Egoitza

Bakioko hondartza

Sabino Arana Etorbidea
Bakio,
+ Google Map

Gaurtik aurrera Surfa eta Zientzia erakusketa ikusgai dago Bakion. Infografia ezberdinen bitartez surfa ikuspegi zientifikotik azaltzeko asmoa dauka Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Euskal Herriko Surf Federazioak elkarlanean abian jarritako ekimena.

Uztailaren 16ra arte Bakioko hondartza ondoan, Sabino Arana etorbidean, ikusgai egongo diren irudietan surf oholen teknologia, olatuak nola sortzen diren azaltzeko informazioa eta kirolaren praktikaren inguruko xehetasun zientifikoak azaltzen dira.

Izan ere, erakusketa hiru irudik osatzen dute. Lehenengoan oholen teknologia eta historian zehar izan duten garapena deskribatzen da, zurezkoetatik material berriekin egindakoetara emandako aldaketak modu bisualean erakutsiz. Bigarren irudian olatuen sorreran haizeak, periodoak edota mareek daukaten eragina zehazten da eta surf egiteko olatu egokienak zeintzuk diren deskribatzen dira. Azkenik, erakusketa osatzen duen hirugarren irudian, surfa nola egiten den azaltzen da eta, betiere ikuspegi zientifiko batetik, olatua hartu eta horren gainean mugitzeko zehaztasunak ematen dira.

Donostiatik kostaldeko hainbat herrietara

Orain arte Surfa eta Zientzia erakusketa Donostian bakarrik ikusteko aukera egon da, Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) eta Donostia Kulturarekin batera surfa eta zientziaren harremana aztertzen zuen lehen ekimenaren barnean. Ekimen horretan surfaren pertsona ezagunek, meteorologoek edota fisikariek kirola ikuspegi zientifikotik aztertu zuten.

Orain, udan zehar surfarekin lotura estua daukaten hainbat herrietara helduko da erakusketa.