Xehetasunak
Data eta ordua:
21 de urtarrila de 2022 / 08:00 – 29 de martxoa de 2022 / 00:00
Egoitza
“Donostia, Zientzia Hiria” proiektuak surfaren eta zientziaren arteko harremana aztertuko duen lehen ekimen batekin irekitzen ditu ateak: Surfa eta Zientzia.
Surfa eta Zientzia urtarriletik apirilera bitartean egingo da eta hiru ardatz izango ditu. Alde batetik, eta hilean behin hitzaldi-ziklo bat egingo da. Zientziako eta surfeko pertsona ospetsuek hainbat ikuspegitatik aztertuko dute gaia, hala nola fisikatik, meteorologiatik, osasunetik, kiroletik eta ingeniaritzatik.
Bigarrenik, urtarrilaren 21etik apirilaren bukaera arte, hiriko hainbat tokitan bost totem, infografia erakargarriekin, jarriko dira. NorArte Studiok Euskampusekin elkarlanean eginak dira eta Donostia zeharkatuko dute olatuen atzean dagoen zientzia eta surf-oholak mugiarazten dituen teknologia azalduko dute.
Programa apirilean bukatuko da, gazteei zuzenduta dagoen surf-jarduera praktiko batekin. Jarduera zientziaz zipriztinduta egongo da eta Zurriolako hondartzan izango da, unean uneko osasun eta meteorologia baldintzak kontuan hartuta.
Egitaraua:
Asteazkena, urtarrilaren 26a
18:00 – Okendo Kultur Etxea: “Olatu baten istorioa” – Maia Garcia Vergniory, fisikaria eta DIPCko ikertzailea eta Kepa Acero, surflaria.
“Olatu baten istorioa” hitzaldian zientzialari eta surflari getxotarrek hainbat galdera erantzungo dituzte: olatu batzuk zergatik irekitzen diren eta beste batzuk zergatik ixten diren, zergatik batzuetan seriean etortzen diren eta beste batzuetan ez, edo itsasaldiek, haizeak eta itsas hondoak zer paper jokatzen duten surfean aritzen garen olatuetan. Izan ere, surfa egiten duen norbaitek iragarpen-taulei begiratzen dien bakoitzean fenomeno fisikoak aztertzen ari da, eta hitzaldi honetan frogatuko da zientzia egiteko ez dela beharrezkoa zientzian profesionala izatea
Asteazkena, otsailaren 23a
18:00 – Okendo Kultur Etxea: “Fisiologia eta osasuna” – Aitor Santisteban, jarduera fisikoan eta kiroletan aditua eta Julen Ucin, medikua.
- “Surf praktikatzen duten kirolari ez profesionalen ezaugarri morfologiko, fisiologiko eta teknikoak” – Aitor Santisteban, Jarduera fisiko eta kiroletan doktorea eta Basque Teameko surflarien prestatzaile fisikoa.
- “Kantauri itsasoko ur hotza, surflarion etsai nagusia” – Julen Ucin, kirol medikuntzako mediku espezialista eta Euskaltel-Euskadi ProCycling Team taldeko medikua.
Otsaileko hitzordua surfak giza gorputzean dituen ondorioei buruzkoa izango da. Kirolari profesionalez gain, surfa gero eta hedatuago dago gizartean. Adituen arabera, olatuen gainean zamalkatzea jarduera fisiko osoa da, gorputzeko atal askok elkarrekin batera lan egin behar baitute. Besoek, eskuek, bizkarrak, gerriak edo hankek funtsezko funtzioa betetzen dute orekari eutsi eta maniobrak egiteko. Zalantzarik gabe, sasoian egotea garrantzitsua da kirol hau egiteko, baina nahikoa al da?
Asteazkena, martxoaren 23a
18:00 – Okendo Kultur Etxea: “Olatu perfektuaren atzetik eta taulen fabrikazioa” – Onintze Salazar, meteorologoa eta Adur Letamendia, Pukas Surfeko proiektu-zuzendaria.
Olatu perfektua aurreikus daiteke? Zein dira kontuan hartu beharreko baldintzak? Zertan oinarritzen dira olatuen iragarpenak? Non kontsulta daitezke? Fidagarriak dira?
Era berean, ba al dago taula perfekturik? Historikoki, taulen diseinuan eta fabrikazioan berrikuntza gehienak, baita surfaren teknikaren analisia ere, «proba/errore» prozeduretan eta surflarien esperientzian oinarrituta egin dira. Baina nola jartzen zaizkie zenbakiak sentsazioei? Zer teknologia dago taulen atzean?
Hitzaldiak zuzenean eta streaming bidez
Hitzaldiak Okendo Kultur Etxean izango dira eta sarrera librea izango da, leku-kopurua bete arte. Gainera, ziklo osoa streaming bidez ikusi ahal izango da EITBko Kosmos kanalaren bidez.
Infografiak hirian:
Urtarrilaren 21etik apirilaren bukaera arte, NorArte Studiok Euskampusekin elkarlanean egindako bost totem, infografia erakargarriekin, Donostiako hainbat tokitatik ibiliko dira. Infografia horiek surfa-oholek ezkutatzen duten teknologia, olatuen atzean dagoen zientzia eta kirol horren praktika erakutsiko dituzte.
Surf ikastaroa:
Programa apirilean bukatuko da, gazteentzako surf-jarduera praktiko batekin, eta zientziaz zipriztindua egongo da. Jarduera hau Zurriola hondartzan izango da, unean uneko osasun eta meteorologia baldintzen arabera.
Donostian izango den Surfa eta Zientzia programa Donostia Kulturaren ekimena da, eta Donostia International Physics Center (DIPC) eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren laguntza du. Ekimen hau Donostia, Zientzia Hiria egitasmoaren lehena da eta, besteak beste, hainbat arlotan garatutako azken aurrerapen zientifikoak jorratzea du helburu.