Xehetasunak
Data eta ordua:
24 de martxoa de 2021 / 18:00 – 20:00
Egoitza
Historian zehar Marterengatik izan dugun lilurak ez du etenik izan da. Azken hilabeteotan Martek gure jakin-minaren txinparta piztu du berriz, eta, horrekin batera, gure arreta, zunda espazialen eta misioen joan-etorria dela eta. Izan ere, dozena bat ibilgailu robotiko jarri baitituzte Marteren gainazalean azken 25 urteetan.
Perseverance ibilgailuaren bidaiak planeta gorrirantz zuzendu ditu begiradak, eta, besteak beste, bere txoko ezkutuak arakatu beharko ditu, noizbait bertan bizia izan ote zen ikusteko. Perseverance izan da azkena, 2012an Curiosity iritsi baitzen, 8 urte eta erdiren ondoren oraindik ere jardunean dabilen robota.
Datorren martxoaren 24an, 18:00etan, DIPCk antolatuta, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren laguntzarekin “Marte gori-gori: planeta ezagutzen Kuriositate eta Pertseberantziarekin” ekitaldia izango da.
On line egingo den ekitaldia DIPCren Zoom edo Youtube live kanalen bidez jarraitu ahal izango da, eta bost hizlarik hartuko dute parte. Hizlariek, besteak beste, azalduko digute zer elementu dituzten Curiosity eta Perseverance ibilgailuek esleitu zaizkien lanak aurrera eramateko eta zeintzuk diren zeregin horien helburuak.
Egitaraua
Silvia Bonolik emango dio hasiera programari “Planeta gorria” hitzaldiarekin. Silvia Bonoli astrofisikaria da eta Ikerbasque ikertzailea da Donostia International Physics Centerren (DIPC). Bere ikerketa, nagusiki, zulo beltz supermasiboen azterketan oinarritzen da, euren eraketatik hasi eta bizi diren galaxietan duten inpakturaino. Eta horretarako, eredu teorikoak eta teleskopio optikoen datuak erabiltzen ditu. Konferentzian, Marteren ezaugarriak eta ezagutza hori bultzatu duten ikerketak erakutsiko dizkigu.
Carrie Bridge astrofisikariak hartuko du lekukoa “Marten barrena: Curiosityren bidaia, bere aurkikuntzak eta hurrengo abenturak” hitzaldiarekin. Carrie Bridge astrofisikaria eta sistema zientifikoetako ingeniaria da NASAren Jet Propulsion Laboratory (JPL) delakoan. Gaur egun, Marteko Curiosity roverreko operazio zientifikoen taldeko burua da, eta egunero nazioarteko zientzialari eta ingeniariekin lan egiten du robotaren behaketak eta esperimentuak planifikatzeko. Carrie Bridgek, bere hitzaldian, misioaren aurkikuntza esanguratsuenetako batzuk laburbilduko ditu, bere erronkak eta Sharp mendian egin duen bidaian Curiosityk zain izango duena.
Agustin Sánchez-Lavegak, UPV/EHUko Fisika Aplikatuko katedradunak eta unibertsitate bereko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak, “Marteko atmosfera“ri buruz hitz egingo du. Sánchez-Lavega Europako Espazio Agentziaren (ESA) Venus Express, ExoMars eta JUICE espazio-misioetako eta NASAko Mars2020/Perseverance misioko ikertzaile kidea da. Marteko atmosfera arinaren portaera dinamikoa eta haren ezaugarriak azalduko ditu, baita oraindik ondo ulertzen ez diren esekitako hauts eta ur-lurrunaren zikloak.
Juan Manuel Madariagak “Marteko esplorazioa kimika analitikoaren ikuspegitik: SuperCam instrumentua eta NASA-Mars2020 misioa” gaia jorratuko du. Juan Manuel Madariaga UPV/EHUko Kimika Analitikoko katedraduna da eta Ikerketa eta Berrikuntza Analitikoko IBeA taldea zuzentzen du. Madariagak SuperCam tresnaz hitz egingo du, hau da, Perseverance ibilgailuak daraman superkamera kimiko bat. Kamera honek Marteren espazioa behatzea du helburu, teknika analitikoak erabiliz, ahalik eta informazio gehien ateratzeko.
Miguel Ángel Carrerak emango du azken hitzaldia: “AVSren oraina eta geroa Marten“. Miguel Ángel Carrera ingeniaria da eta doitasunaren ingeniaritzan espezializatuta dago. AVS (Added Value Solutions) enpresaren sortzailea eta kontseilari delegatua da. AVS enpresak Perseverance ibilgailuaren ekipamendua osatzen duten zenbait sistema diseinatzen eta fabrikatzen parte hartu du, zehazki, MEDA ingurumen-estazioan. Carrera zehaztasun handiko tresnen garapenean ingeniaritzak dituen erronkei eta haien etorkizunari buruz arituko da.
Ekitaldia
“Marte gori-gori: planeta ezagutzen Kuriositate eta Pertseberantziarekin” ekitaldia doakoa izango da eta Donostia International Physics Centerren Zoom edo Youtube live kanalen bidez jarraitu ahal izango da. Ekimena arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta bukatutakoan, galderak egiteko txanda irekiko da, bertaratutako direnentzako.