Xehetasunak
Data eta ordua:
martxoak 4 / 16:00 – martxoak 6 / 19:30
Hizkuntza: gaztelania eta euskara.
Streaming-a: Bai. EHUtb.
Egoitza
Geologia ez da paisaietan eta mendietan bakarrik agertzen, eskala txikian ere azaltzen da, harea-pikorretan edo lurzoruko buztinetan. Eskala handian ikusi ohi ditugu prozesu geologikoak, baina eskala mikroskopikoan ere erregistratzen dira. Azterketa maila hau egingo ez bagenu, interpretazio asko osatu gabeak edo okerrak izango lirateke. Eskala desberdinetako ikuspegien konbinazioak Lurraren bilakaera hobeto ulertzeko, baliabide naturalak aurkitzeko edo material geologikoen portaera iragartzeko aukera ematen du.
Ikerketa hauek gizarteratzeko asmoarekin, martxoaren 4an, 5ean eta 6an “Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat. Mikro Makro” jardunaldien zazpigarren edizioa egingo da. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateko Hidro-Ingurumeneko Prozesuak (HGI) ikertalde finkatuak eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako ekimen honek Bizkaiko Campuseko Errektoreordetza, Euskal Kostaldeko Geoparkea, Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Basque Centre for Climate Change (BC3) eta Pozalaguako Kobazuloa (Karrantza) ditu laguntzaile.
Martxoaren 4ko eta 5eko saioak Bilboko Bizkaia Aretoa-EHU eraikineko Baroja aretoan egingo dira, 16:15etik aurrera, eta aurrez aurre nahiz streaming bidez jarraitu ahal izango dira, Euskal Herriko Unibertsitateko EHUtb kanalaren bidez. Ekitaldiari amaiera emateko, martxoaren 6an, ostirala, Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko Izotzalab instalaziora eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia saileko laborategietara bisita egingo da.
Martxoak 4, asteazkena | Mikrofosilak, izotza eta lurpeko ura
Lehenengo egunean mikrofosil, izotz eta uraren azterketa mikroskopikoak ardatz izango dituzten hiru hitzaldi eta tailer bat egingo dira. Lehenengoan, Alejandro Cearreta geologoak (EHU) biosferako artxibo geologiko osatuenetakotzat jotzen diren mikrofosilen garrantziari eta azterketa metodologiari buruz hitz egingo du. Jarraian, Sérgio H. Faria glaziologoak (BC3) Groenlandiatik Antartikarainoko ibilbidea egingo du, izotzaren portaerak kliman duen eragina eskala mikroskopiko batetik azaltzeko.
Hitzaldien blokea ixteko, Iñaki Antigüedad hidrogeologoak (EHU) mendigune arrokatsuen barruan urak duen mugimenduari eta biltegiratzeari buruz egingo du berba. Lehenengo eguna publikoari irekita egongo den tailer batekin amaituko da, arratsaldean zehar ikasitakoak praktikan jartzeko.
Martxoak 5, osteguna | Mineralak eta sedimentuak
Bigarren egunak mineralei eta sedimentuei begiratuko die. Osteguneko jardunaldia irekitzeko, Andrey Ilin geologoak (Tübingeneko Unibertsitatea) Lurrak historian zehar eginiko bidea erakutsiko du mineralen azterketaren bidez. Laura Damas eta Arantza Aranburu geologoek (EHU), berriz, arrokak laborategian nola aztertzen diren azalduko dute. Arratsaldeko azken hitzaldian, geologiaren ikuspegitik egindako zeramika arkeologikoen kasu-azterketa bat aurkeztuko du Ainhoa Alonso geologoak (EHU). Lehenengoan bezala, bigarren egunean ere saio praktiko bat egingo da, ponentzietan aurkeztutako kontzeptuak finkatzeko.
Martxoak 6, ostirala | Geologian laborategian
Jardunaldiei amaiera emateko, hirugarren egunean Leioako Bizkaiko Campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultateko hainbat laborategitara bisita-tailerra egingo da. Zehazki, BC3ko IzotzaLab tenperatura baxuko instalazioa eta EHUko Geologia Saileko bi laborategi bisitatuko dira.
Izen-ematea eta sarrera
Antolatutako jardueretara sarrera librea eta doakoa izango da, lekua bete arte. Bizkaia Aretoa-EHUko hitzaldietan aldez aurretik izena ematea gomendatzen da, tokia izango duzula segurtatzeko. Ostiraleko bisita-tailerraren kasuan, derrigorrezkoa da izena ematea, parte-hartzaile kopuru mugatua dagoelako.
Izen-ematea ekitaldiaren webgunean edo inprimaki honetan egin daiteke. Informazio gehiago nahi izanez gero, jar zaitez harremanetan erakundearekin, helbide elektroniko honen bidez: j.geologiamiopes@gmail.com.

