UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra unibertsitate-hedapenerako katedra da. Unibertsitatearen berezko unitate akademikoa den arren, antolatzeko eta funtzionatzeko nolabaiteko autonomia du. Ikuspuntu akademikotik, gaur egun, Garapen Zientifiko-sozialaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzaren mende dago. Bestalde, Euskampus Fundazioaren Kultura Zientifiko eta Berrikuntzarako Unitatearen (UCCi) organigraman integratuta dago Katedra; hau da, fundazio horren mende dago funtzionamendu administratibo eta ekonomikoari dagokionez. Mendekotasun bikoitza du, beraz.
Katedra 2010eko urrian sortu zen, Bizkaiko Foru Aldundiarekin (Kultura Saila) sinaturiko lankidetza-hitzarmen baten bidez. Hitzarmen horrek funtzionamendurako behar ziren funtsak eman zituen. Lankidetza hori 2021. urtearen amaieran amaitu zen, eta, harrezkero, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila izan da hitzarmena sinatu duen erakundea. Hortaz, sail hori da Katedrari babesa ematen dion kanpo-erakundea.
Gainerako unibertsitate katedrak bezala, izaera juridikorik gabeko egituren eta erakundeen oinarrizko funtzionamenduaren inguruko araudiaren bitartez arautzen da. Araudi hori 2012ko maiatzaren 16an onartu zuen UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak, bere Estatutuen VII. kapituluarekin bat etorriz.
Katedrak helburu du euskal gizartean ezagutza zientifiko eta teknologikoa sustatzea eta baita eskura dauden geografia, administrazio eta kultura esparru guztietan kultura zientifikoa zabaltzea.
Alde batetik, gertuko inguruarekin du konpromisoa, hau da, euskal geografia eta kultura esparruarekin, bertan jarduten baitu UPV/EHUk. Eta, beste alde batetik, badu bokazio kosmopolita bat ere, unibertsitate erakundea den heinean. Testuinguru bikoitz horretan, uztartu egin behar ditu, batetik, euskarazko kultur-adierazpenarekin duen konpromiso berezia eta, bestetik, Euskal Herrian sortzen den ezagutza zientifiko eta teknologikoa nazioartean zabaltzeko helburua.
Zientziaren oinarrizko gaiak, gai horiek zenbait teknologiatan dituzten aplikazioak, azken aurkikuntza zientifikoak, zientzia sortzeko bideak eta bere gizarte inplikazioak dira, besteak beste, Katedran zabaltzen diren eduki nagusiak. Garrantzi berezia ematen zaie, bestalde, zientziaren kultura ikuspegiari eta bere berezko balioei. Horretarako argitalpen propioak jarri ditu abian UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak.
Sortutako lehen argitalpena Cuaderno de Cultura Científica izan zen, 2011n. Zorroztasunez, baina modu atseginean, orotariko gaiak lantzen dituzten dibulgazio zientifikoko lanak argitaratzen ditu, egunero, gaztelaniaz.
Hurrengo urtean, 2012an, Mapping Ignorance jarri zen martxan, zientzian eta teknologian izandako azken aurrerapenak ingelesez zabaltzen dituen gunea. Hainbat arlotako adituek maila altuko dibulgazio-artikuluak idazten dituzte publiko orokorrarentzat, azkenaldiko ikerketen emaitzak ezagutzera emateko.
Zientzia kaiera gunea sortu zen 2013an, euskaraz orotariko gai zientifikoei buruzko dibulgazio zientifikoko lanak argitaratzen dituena. Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta unibertsitate mailako ikasleei zuzenduta dago, nagusiki.
Mujeres con Ciencia izan zen sortutako azken argitalpena, 2014an. Emakumeek zientziaren historian izandako lehengo eta oraingo eginkizuna ematen du ezagutzera guneak. Biografiak, elkarrizketak, ekitaldiak, efemerideak eta mota askotako kronikak edo gertaera nabarmenak argitaratzen dira bertan.
Baliabide digitalek izandako hedapena, hein handi batean, sare sozialetan izandako jarduerari esker izan da. Katedraren aktibitatea ez da Internetera mugatzen, baina. Eguneroko jarduera honekin batera hitzaldiak, arloko egitasmoak, gazteei zuzendutako ekintzak, erakusketak, ikus-entzunezkoak, prestakuntza eta bestelako iniziatibak ere lantzen dira.
Sortu zenez geroztik, ezagutza zientifikoa eta teknologikoa partekatzea izan du helburu nagusia. Herritarron kultura zientifikoa sustatzeko sortu zen Katedra eta, horretarako, jardun anitza du bai presentzialki, bai interneten.
Kultura Zientifikoa
Kultura zientifikoa gizartean hedatzea komenigarritzat jotzen da, alde batetik, arrazoi kulturalengatik, eta, beste batetik, irizpide iturri izan dadin banako zein taldeko erabakiak hartzerakoan.
Nekez egon daiteke inor ezagutzen ez denaren alde; hortaz, gizarte batean garapen zientifiko eta teknologiko indartsua izateko, lagungarria da jendeak diziplina horien gutxieneko ezagutza izatea, zientziarekiko gizarte-atxikimendua gakoa izan baitaiteke zientziari dagozkion erabaki politikoak hartzerako orduan.
Urte hauetan zehar, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak jarduera bizia izan du hainbat esparrutan, eta askotariko euskarriak baliatu ditu kultura zientifikoa zabaltzeko. Hitzaldiak antolatzen ditu era askotako testuinguruetan, argitalpenak egiten ditu hedabide digitaletan eta baita fisikoetan ere, lehiaketak antolatzen ditu, dokumentalak eta bideoak ekoizten ditu zenbait formatutan, gazteei zuzendutako lantegiak egiten ditu, erakusketak antolatzen ditu, ikastaroak eta graduondokoak sustatzen ditu, eta beste dibulgazio jarduera batzuk ere gauzatzen ditu.
Eragile ugarik lagundu dute nolabait Katedraren ekimen eta helburuak gauzatzen. Ezer ez litzateke posible izango erakundeen laguntzarik gabe (eta haien buruen laguntzarik gabe, noski), euskarri ekonomikoa ematen baitiote guztiari.
Kolaboratzaileen zerrenda ere luzea da, lankide profesionalena zein modu eskuzabalean dihardutenena; horiek funtsezko laguntza eman dute, zikloak, mintegiak eta jardunaldiak zuzentzen, hitzaldiak ematen, artikuluak idazten eta programatutako ekitaldietan txostenak aurkezten baitituzte. Ezin guztiak aipatu, ezin nahikoa eskertu.