Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak, EHU Kulturak eta Laboratorium Bergara Zientzia Museoak, Madrilgo Museo Arkeologiko eta Paleontologikoarekin elkarlanean antolatutako Iragana ilustratzen: Mauricio Anton eta paleoartea erakusketa aurkeztu da gaur goizean UPV/EHUko Bizkaia Aretoan.
Erakusketan, Mauricio Antonen lanen bitartez, gaur egun existitzen ez diren homininoen espezieak eta beste animalien irudiak eta horiek sortzeko prozesua ikusi ahal da.
Gaur goizeko aurkezpenean Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordeak gogoratu du erakusketaren gaiak zer nolako interesa sortzen duen gizartean eta elkarlanaren balioa azpimarratu du. «Erakunde ezberdinen arteko elkarkidetzaren adibidea da gaur aurkezten dugun erakusketa. Gainera, gaur hemen aurkezten ditugun lanak zientziaren dibulgaziorako eta jakintzaren transmisiorako tresnak dira».
Izan ere, erakusketaren antolatzaile diren erakundeek esposizioak daukan dibulgazio izaeraren garrantzia aipatu dute. Mauricio Anton paleoartistaren hitzetan «erakusketari ikuspegi dibulgatzailea eman nahi genion. Lan prozesua nola den azaldu nahi genuen eta erakutsi artea eta zientzia eskutik doazela lan hauetan».
Erakusketa maiatzaren 28ra arte egongo da ikusgai UPV-EHUko Bizkaia Aretoan. Gero, ekainaren 2tik aurrera, Laboratorium Bergara Zientzia Museoan bisitatu ahal izango da. Rosa Errazkin bertako zuzendariaren hitzetan, «Laboratorium Bergara Zientzia Museoa jakintzaren dibulgazioa egiteko beharrezko tresna da eta erakusketa herrietara heltzea ere lortuko du».
Aurkezpenean Enrique Baquedano Madrilgo Erkidegoko Museo Arkeologiko eta Paleontologikoko zuzendariak ere parte hartu du eta Anton sona handiko artista bezala definitu du eta gaineratu du «bere obrak munduko museo garrantzitsuenetan daudela».
Mauricio Anton, paleoartista
Paleoartean autore garrantzitsua bilakatu den Antonek Madrilgo Natura Zientzien Museo Nazionaleko (CSIC) Paleobiologia Sailarekin hainbat artikulu zientifiko argitaratu ditu eta BBCrekin eta National Geographicekin lankidetzan aritu da dokumental paleontologikoak produzitzen. 2006an, Society of Vertebrate Paleontology–ren Lanzerdorf saria irabazi zuen ilustrazio zientifiko onenagatik. 2020an G. Basler Chair of Excellence-a lortu eta paleoarte eskolak eman zituen East Tennessee State Universityn.