Ekainetik abendura arte herri eta hiri ezberdinetan ikusgai egon da Zientzia Kalean erakusketa, zeinean ikuspegi zientifikotik egunero erabiltzen ditugun gailuen funtzionamendua eta kontsumitzen ditugun produktuen konposizioa azaltzen den.
“Aurten, QR kode baten bitartez, erakusketa osatzen duten irudiak deskargatzeko aukera egon da eta bildutako datuek agerian utzi dute herritar askok badutela interesa zientziak haien egunerokotasunean nola eragiten duen ulertzeko”, adierazi du Juan Ignacio Perez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitatearen Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak.
Erakusketa osatzen duten infografiak 3195 aldiz deskargatu dituzte erakusketara hurbildu direnek. Horretaz gain, esposizioa egon den lekuetatik milioi bat pertsona baino gehiago igaro dira. “Kultura zientifikoa giza kulturaren parte da. Zientziak eskainiko dizkigu gizarte bezala erabakiak hartzeko beharrezko ezagutzak eta irizpideak. Hori dela eta oraingoan, herritarrak ekitaldi batera gonbidatu beharrean, zientzia haiengana hurbildu dugu. Kultura zientifikoa espazio publikoan txertatzean interesa daukanari bidea erraztu diogu eta, agian, beste batzuei interesa piztu diegu”, azpimarratu du Perez Iglesiasek.
Egunerokotasuna ikuspegi zientifikotik
Zientzia Kalean 11 infografiaz osatutako erakusketa ibiltaria da. Irudi horietan egunero inguruan ditugun, erabiltzen edo kontsumitzen ditugun produktuen azalpen zientifikoa eskaintzen da. Infografien bitartez mugikorren, barra kodeen, txertoen, iturriko uraren eta sukaldeko plaken funtzionamendua azaldu da. Horretaz gain, jogurten, garagardoaren, zuhaitzen hostoen, ogi barren edo fruituen konposizioaren inguruko azalpenak eskaini dira.
Zientzia Kalean Euskal Herriko Unibertsitatearen Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren egitasmoa da eta UPV/EHUko Ikerketa Gizartera Zabaltzeko Zuzendaritzaren eta Euskampus Fundazioaren lanari esker jarri da martxan.
Ekainetik abendura arte Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusean, Garain, Zuian, Bilboko kale eta metro geltokietan, Basaurin, Abadinon eta Etxebarrin ikusteko aukera egon da.