Eskerretik eskuinera: Iker Badiola, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak; Gotzone Barandika, EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordetzak; Nerea Aizpurua, Irakurketa Erraza elkarteko kideak, eta Elisabete Alberdi, EHUko Argitalpen Zerbitzuaren zuzendariak. Argazkiak: David Recio | EHUko Kultura Zientifikoko Katedra.
Zientzia gure eguneroko bizitzaren parte den arren, ez dago beti pertsona guztien eskura. Dibulgazio zientifikoko testuak, esate baterako, publiko orokorrari zuzenduta egon ohi dira, kontuan hartu gabe, sarritan, herritarrek irakurtzeko edo irakurritakoa ulertzeko izan ditzaketen gaitasun ezberdinak. Eta, Irakurketa Erraza elkarteak aipatu bezala, biztanleriaren % 30 inguruk arazoak ditu irakurtzeko edo irakurritakoa ulertzeko. Zailtasun hauek aldi baterakoak izan daitezke, hizkuntza ikasten ari den pertsonekin gertatzen den moduan, edo iraunkorrak, ikasteko zailtasunak dituzten edo desgaitasun intelektuala duten pertsonekin gerta daitekeen moduan.
Testuinguru hau kontuan hartuta, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Kultura Zientifikoko Katedraren bidez, eta Lectura Fácil Euskadi-Irakurketa Erraza elkarteak, “Zientziaren uretan” lana aurkeztu dute, irakurketa errazera egokitutako euskarazko lehenengo dibulgazio zientifikoko liburua. Proiektua aitzindaria da Europar Batasunean eta irakurtzeko edo irakurritakoa ulertzeko arazoak izan ditzaketen pertsonei ezagutza zientifikorako sarbidea erraztea du helburu, eduki zientzifikoak euren beharretara egokituz horretarako.
Gaur goizean egin da aurkezpena Bilboko Bizkaia Aretoa-EHUn. Bertan, Gotzone Barandika Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak, Nerea Aizpurua Lectura Fácil Euskadi-Irakurketa Erraza elkartekoak, Elisabete Alberdi EHUko Argitalpen Zerbitzuko zuzendariak eta Iker Badiola EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak hartu dute parte.

“Zientziaren uretan” liburuak EHUk dituen konpromiso nagusietako hiru biltzen dituela nabarmendu du Gotzone Barandikak: “Ezagutzaren transferentzia, euskararen sustapena eta irisgarritasuna”. Gainera, errektoreordeak honako hau nabarmendu nahi izan du: “Bereziki garrantzitsua da proiektu hau EHUrentzat aukera-berdintasuna bultzatzen duelako, pertsona guztiek zientziari buruzko informazioa eskuratzeko duten eskubidea gauzatzen laguntzen baitu eta, ondorioz, zientziaren aurrerapenean eta horrek dakartzan onuretan parte hartzeko eskubidea ere.”
Irakurketa erraza, ezagutza zientifikorako sarbidea errazteko tresna
Irakurketa erraza testuak egokitzeko metodo bat da: hizkuntza argia, egitura errazagoak eta egokitutako diseinua erabiltzen ditu eta horrek guztiak irakurketa eta ulermena erraztu egiten ditu. Dibulgazio zientifikoan aplikatzean, norbaitek irakurtzeko izan ditzakeen beharrei egokitzeko aukera eskaintzen du metodo honek, zientziaren ezagutza eskuratzeko era berriak eskainiz.
“Zientziaren uretan” EHUko Argitalpen Zerbitzuak 2023an argitaratu zuen izen bereko liburuaren egokitzapena da irakurketa errazera. Jatorrizko lanak Zientzia Kaiera EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak 2013an martxan jarri zuen dibulgazio zientifikoko blogean argitaratutako artikuluen aukeraketa zabal bat bildu zuen. Orain, irakurketa errazak dituen irizpideez gain, lan berri honek terminoen glosarioa eta piktogramak ere badakartza, edukiak errazago uler daitezen.

Egokitzapen-lanak Lina Ugarte eta Nerea Aizpurua Irakurketa Erraza elkarteko kide eta profesionalek egin dute. Egokitze prozesu horri buruz, zera adierazi Aizpuruak: “Irakurleek zientzietako gaiak ondo eta arin ulertzea, eta, batez ere, gozatzea izan da gure helburua une oro. Erronka handia izan da askotan datuak eta ezaugarriak ondo azaltzea adibidez, edo jatorrizko testuen idazleen mezua modu errazean eta interesgarrian transmititzea, jatorrizko mezua ‘traizionatu’ gabe”.
Irakurketa errazera egokitutako edizio honek bost ezagutza arloko edukiak bildu ditu: astronomia eta astrofisika, ingurumena, meteorologia, kimika eta materialak. Beste kontu batzuen artean, astronomiaren jatorria; lentillak, tiritak eta bainujantziak bezalako eguneroko objektuak nola egiten diren; edo historian zehar gizakiek kolore berdea eta urdina nola lortu dituzten azaltzen dira artikuluetan.
Bere aldetik, Iker Badiola EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak zera adierazi du: “Argitalpen honekin, gure ekimenetan orain arte behar bezala kontuan izan ez dugun publiko baten beharrei erantzun nahi diegu”. Katedrak zabalkunde zientifikoko proiektuak garatzen jarraituko duela gaineratu du Badiolak, “irakurketa erraza bezalako estrategiak eta irisgarritasun tresnak erabiliz, ezagutza sustatzeko gure inguruko aniztasun soziala kontuan hartuta, eta ahalik eta herritar gehien ‘zientziaren uretan murgildu dadin’”.
“Zientziaren uretan” liburua ostiral honetatik, azaroaren 27tik, aurrera egongo da salgai online EHUko Argitalpen Zerbitzuaren webgunean, eta formatu fisikoan, abenduaren 4tik aurrera liburu-dendetan. Gainera, Durangoko Azokako nobedadeetako bat izango da. Liburuaren aurkezpena abenduaren 7an, astelehenean, egingo da Azokako Landako Guneko Talaia aretoan, goizeko 11etan.

