Hitzaldi-solasaldiak | Euskara, zientzia eta gizarte berriak

Xehetasunak

Data eta ordua:

1 de abendua / 18:30 – 3 de abendua / 19:30

Hizkuntza: euskara

Streaming-a: bai. Katedratik (Tik Tok Live).

Egoitza

Elkargune (Oteiza aretoa)

Aita Madinabeitia Plaza
Azkoitia, Gipuzkoa 20720
+ Google Map

Globalizazioa, aldaketa soziodemografikoak, garapen teknologikoa eta bizimodu berriak mundu osoko hizkuntza-komunitateak eraldatzen ari dira, baita euskalduna ere. Nola egin diezaieke aurre euskarak aldaketa horiei?

Galdera horren inguruan hausnartzeko, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Azkoitiko Udalak “Euskara, zientzia eta gizarte berriak” dibulgazio-hitzaldien zikloa antolatu dute. Zikloak gizarte-aldaketek eta adimen artifiziala bezalako aurrerapen teknologikoek euskararen orainerako eta etorkizunerako dakartzaten erronkak eta aukerak izango ditu hizpide.

Hitzaldiak abenduaren 1ean, 2an eta 3an izango dira, Azkoitiko Elkarguneko Oteiza aretoan. Saio guztiak 18:30ean hasiko dira, eta sarrera librea eta doakoa izango da, edukiera bete arte. Hitzaldiak euskaraz egingo dira, eta bertaratu ezin direnek zuzenean jarraitu ahal izango dituzte Katedratik EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren TikTok kanalaren bidez.

Kike Amonarriz soziolinguista eta umoristak emango dio hasiera hitzaldi-zikloari abenduaren 1ean, asteartean. Gizarte-aldaketen testuinguru honetan euskararen etorkizunari buruz hausnartuko du. Hitzaldian, euskal hiztunak aurrean dituen erronkak aztertuko ditu, baita nola aurre egin ere, bere ibilbidean landu dituen hainbat proiektu eta ekimenetan izandako esperientzia oinarri hartuta, hala nola Tribuaren Berbak (ETB1) saioan.

Hurrengo egunean, abenduaren 2an, asteazkenean, Cecilia Fernández-Altonaga hizkuntzalariaren txanda izango da. Fernández-Altonaga Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko (UPPA) doktoregaia da. Hitzaldian zehar hainbat ikerketa aipatuko ditu Fernández-Altonagak, euskara ikasteko hizkuntza zaila dela dioen usteak zenbaterainoko oinarria duen aztertzeko. Horrez gain, hizkuntzen ikaskuntzan eragina duten faktoreak azalduko ditu, arreta berezia jarriz testuinguru eleaniztunetan ikaskuntza-prozesua erraztu dezaketen faktoreetan.

“Euskara, zientzia eta gizarte berriak” zikloa abenduaren 3an, ostegunean, amaituko da Olatz Perez de Viñaspre informatika-ingeniariaren eta Andoni Sudupe adimen artifizialeko adituaren hitzaldiarekin. Perez de Viñaspre EHUko Informatika Fakultateko irakaslea da, eta Sudupe, berriz, EHUko HiTZ zentroko ikertzailea. Azken saioan, adimen artifizialean oinarritutako hizkuntza-eredu handiek nola funtzionatzen duten azalduko dute, eta Latxa bezalako tresnek euskarazko komunikazioa, erabilera eta ikaskuntza nola erraztu dezaketen erakutsiko dute. Informazio gehiago izanez gero, kontsultatu zikloaren egitarau osoa.