EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Tolosako Udalak “Zientzia azokan” ekimenaren lehen edizioa egin dute

Argazkiak: EHUko Kultura Zientifikoko Katedra.

 

Zientzia gure inguruan dago, eta egunero kontsumitzen ditugun eta astero gure azoketan aurkitzen ditugun produktu askotan ere presente dago. Ezagutza hori kontsumitzaile eta erosleengana hurbiltzeko helburuarekin, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Tolosako Udalak “Zientzia azokan” dibulgazio zientifikoko ekimenaren lehen edizioa antolatu dute. Ekimen horrek piperra, babarruna edo gazta bezalako produktuen atzean dagoen zientzia Gipuzkoako udalerri honetako hainbat gunetara eraman du.

 

Urriaren 5etik 19ra bitartean egin den egitarauak erakusketa bat, eskola-lehiaketa bat, dibulgazio zientifikoko hiru hitzaldi eta gazta egiteko tailer bat bildu ditu.

 

Erakusketa, hitzaldiak eta tailerra

 

Tolosako Triangulo plazak “Zientzia azokan” erakusketa ibiltaria hartu zuen urriaren 5etik 19ra. Erakusketa euskaraz eta gaztelaniaz egindako formatu handiko zazpi infografik osatzen dute, eta gure azoketan ohikoak diren produktuak ditu protagonista: gazta, ogia, babarruna, piperra, tomatea, jogurta eta fruta. Elikagai horien atzean dagoen zientzia ezagutzera gonbidatzen du erakusketak.

 

Eskerretik eskuinera, Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea; Iker Badiola, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria; Arena Balerdi, Aldaba Zahar okindegiko okina; eta Aitor Agirresarobe, Tolosako Udaleko Merkazaritza eta Azoka zinegotzia, erakusketaren aurkezpenean.

 

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak sortutako erakusketa kontsumitzaileengana, erosleengana eta, oro har, herritarrengana hurbiltzen den lehenengo aldia izan da. Infografiak Katedraren webgunean ikusi eta deskargatu daitezke.

 

Erakusketaren edukietan oinarrituta, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Tolosako Udalak eskola-lehiaketa bat antolatu zuten. Bertan, Laskorain ikastolako, Samaniego ikastetxeko eta Herrikide ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 475 ikaslek hartu zuten parte.

 

Horrez gain, ekimena Zerkausira ere iritsi zen. Urriaren 17an, larunbatean, baserritarrek eta ekoizleek erakusketaren edukietan oinarritutako diptikoak banatu zituzten erosketak egitera hurbildu ziren herritarren artean.

 

Bestalde, urriaren 6tik 8ra bitartean, Tolosako TOPIC zentroak dibulgazio zientifikoko hiru hitzaldi-solasaldi hartu zituen. Saioetan, piperrari, babarrunari eta gaztari buruzko azkeneko ikerketak aurkeztu ziren. Hitzaldiak Mikel Ojinaga (NEIKER) ingurumen-agrobiologoak, Shuyana Deba (Leartiker) gastrozientzialariak eta Arantza Aldezabal (EHU) biologoak eman zituzten. Guztira, 603 lagunek jarraitu zituzten hitzaldiak, aretoan bertan eta Katedratik EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren TikTok-eko kanalean.

 

Era berean, “Zientzia azokan” ekimenaren egitarauak gazta egiteko tailer bat ere izan zuen. Jarduera urriaren 15ean egin zen Tolosako Kultur Etxean, eta bertan 21 gaztek hartu zuten parte. Tolosako Gazte Topagunearekin batera antolatuta, Idiazabalgo Aranburu Gaztandegiko Olatz Aranburu nekazaritza-ingeniariak gidatu zuen tailerra.

 

“Zientzia azokan” ekimenaren lehen edizioak bertako eta egunero kontsumitzen ditugun elikagaien atzean dagoen zientzia Tolosako hainbat guneetara hurbiltzeko aukera eman du. Horretarako, ikasleei zuzendutako jarduerak eta kontsumitzaileei, ekoizleei zein Tolosako herritar guztiei irekitako proposamenak uztartu ditu.