Zientziaren ertzetik | Posible al da plataforma digitaletako gorroto-diskurtsoak mugatzea?

Xehetasunak

Data eta ordua:

6 de azaroa / 18:30 – 19:30

Hizkuntza: euskara

Streaming-a: bai. EITB (ETB On) eta Katedratik (TikTok Live).

Egoitza

Bizenta Mogel Biblioteka

Komentukalea, 8
Durango,
+ Google Map

Gorroto-diskurtsoak pil-pilean daude eremu digitalean. Gezurren eta albiste faltsuen zabalkundea, deshumanizazioa eta, are gehiago, adingabeak edo beste kolektibo zaurgarri batzuk kanporatzeko edo haien aurkako indarkeria esplizitua sustatzeko deiak dira horien adierazpenetako batzuk. Diskurtso horiek geldiarazteko asmoz, azken urteotan hainbat ekimen jarri dira martxan, hala nola FARO sistema. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Espainiako Behatokiak (OBERAXE) abian jarri du tresna hau sare sozialetako gorroto-diskurtsoak denbora errealean monitorizatzeko.

Tresna honen helburua da Instagram, TikTok, X, YouTube eta Facebook bezalako plataformetan zabaltzen diren gorroto-mezuak detektatzea eta aztertzea, baita horiek salatzeko aukera erraztea ere, plataformek kendu ahal izan ditzaten. Azken datuen arabera, 2026ko abuztuan FARO sistemak gorroto-diskurtsoekin eta narratiba diskriminatzaileekin lotutako 101 025 eduki detektatu zituen bost sare sozial horietan, aurreko hilabetean erregistratutako kopurua baino nabarmen gehiago (57 406).

Hala ere, monitorizaziotik haratago, noraino iristen da indarrean dagoen araudia plataforma digitaletako gorroto-diskurtsoak mugatzeko orduan? Eta herritarrok zer egin dezakegu horiei aurre egiteko? Gai horiei buruz hausnartzeko, Iker Lauzirika EHUko Zuzenbide Fakultateko Konstituzio eta Europar Batasuneko Zuzenbideko doktoregaiak “Posible al da plataforma digitaletako gorroto-diskurtsoak mugatzea?” hitzaldi-solasaldia emango du datorren azaroaren 6an, ostiralean, 18:30ean, Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan.

Bere hitzaldian, Lauzirikak plataforma digitaletako gorroto-diskurtsoak arautzeak dakartzan erronkak eta aukerak aztertuko ditu. Horretarako, indarrean dagoen araudia azalduko du, eta sarean gorroto-diskurtsoen aurrean nola jardun dezakegun argituko du. Ondoren, egungo legediari buruzko hausnarketa kritikoa egingo du, zuzenbideak egoera hori hobetzen zenbateraino lagun dezakeen aztertzeko.

Sarrera librea da lekua bete arte. Hitzaldi-solasaldia euskaraz izango da, eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da EITBren ETB On plataformaren eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren TikTok kanalaren bitartez.

Jarduera hau EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Durangoko Liburutegiak antolatzen duten Zientziaren Ertzetik dibulgazio-zikloaren 2026/2027 ikasturteko bigarren hitzaldia da. Denboraldi honetan, gorroto-diskurtsoak izango dira hitzaldien ardatz nagusia: nondik datozen, nola identifika ditzakegun, zer eragin duten eta nola egin diezaiekegun aurre gizarte bezala. Lehenengo hitzaldia, “Gorroto-delituak: kontzeptua eta gaurko errealitatea” izenekoa, EHUko Zuzenbide Penaleko kadradun Jon-Mirena Landak eskaini zuen, YouTuben ikus daiteke.

Hizlaria

Iker Lauzirika Ansola Zuzenbidean graduatua da EHUn, eta Abokatutza masterra egin du Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Gaur egun, doktoregaia da EHUko Zuzenbide Fakultatean, Konstituzio eta Europar Batasuneko Zuzenbidearen arloan. Bere tesian, adimen artifizial sortzaileko sistemei buruzko informazioa jasotzeko herritarrek duten eskubidea ikertzen du. Bere ikerketa-lanaren barruan, plataforma digitaletan pluralismoa, desinformazioa eta gorroto-diskurtsoak nola arautu beharko liratekeen ere aztertzen du.